Pascual Churrucako orubearen etorkizuna eztabaidagai: etxebizitzak ala erreferenduma

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 2a, 09:37
Pascual Churruca pareko etxea, bukatu barik dagoena, erabiltzeko eskatzen du EH Bilduk.

Gaur iluntzeko osoko bilkuran, aztergai izango dute Pascual Churrucako orubearen etorkizuna. Udal Gobernuak alokairuan emateko babes ofizialeko 29 etxebizitza eraikitzeko hitzarmenaren alde egingo du; oposizioko EH Bildu koalizioak, berriz, mozioa aurkeztuko du, haren bitartez zera proposatzeko: mahai gainean dauden bi proposamenak (oposizioarena eta Udal Gobernuarena) “herritarrekin aztertu eta baloratzeko parte-hartze prozesua” zabaltzea eta haren ostean “erreferenduma egitea”.

Gaur iluntzeko osoko bilkurako “puntu beroetako” bat izango da Pascual Churrucako orubean etorkizunean garatuko den proiektua.

Udal Gobernuak proposatuko du “hitzarmena onartzea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Txurrukako azpieremuan, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko”. 

Xehetasunak gogora ekartze aldera, hitzarmen horren bitartez, hitzarmena sinatuz gero, alokairuan emateko babes ofizialeko 29 etxebizitza eraikiko ditu Eusko Jaurlaritzak orube hartan; Jaurlaritza arduratuko da lurzorua kutsaduraz garbitzeaz;  urbanizazio berean ibaiko pasealekuko urbanizazio lanak egingo dira; obrak lau urtean bukatuko dituzte, lurraren lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik zenbatzen hasita; etxe berrien beheko partean eraikiko dituzten lokalen erabilera -200 metro koadro asko jota- doan lagako dio Jaurlaritzak Udalari, baita lau etxebizitza ere, "Olaldean etorkizunean egin daitekeen jardueraren ondorioz, bertakoei bizilekua emateko". 

EH Bilduk, berriz, otsailean, moratoria eskatu zuen, koalizioaren ustez, horrenbesteko inbertsioa ekarriko duen erabakia hartu aurretik, beharrezkoa baita herritarrei iritzia eskatzea eta herrian dauden beharrak aztertzea. 

Proposamena

Ildo beretik, gaur, mozioa aurkeztuko du. Haren bitartez, beste proposamen bat aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzaren inbertsioarekin egiteko: “diru hori Olaldeako guneari bideragarritasuna errazteko bideratzea”. Honakoa da EH Bilduren proposamena:

  • Etxebizitza sozialak Pascual Churrucan egin ordez Olaldean egitea.
  • Errekalde kaleko 18. eraikina, Pascual Churruca parean bukatu gabe dagoen eraikina, bereganatu eta bertan etxebizitzak egitea eskatzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Etxebizitza horiek Olaldeatik birkokatu behar diren herritarrentzat bideratuko lirateke.
  • Pascual Churrucako eraikina berriztea (Erregetxen kultur ekipamendutarako aurreikusita dagoen eraikuntza ordezkatuko luke. Denboran lehenago egiteko aukera ematen du eta gainera aukera merkeagoa da). 

Eskaera

Mozioan, proposamen horren alde egiteko arrazoiak esplikatu ondoren, koalizio ezkertiarrak “adostasunaren” zein “herritarren erabakitzeko eskubidearen” izenean, udal ordezkariek bozkatzeko bi proposamen aurkeztuko ditu:

● Pascual Churrucarako mahai gainean dauden bi proposamenak herritarrekin aztertu eta baloratzeko parte hartze prozesu bat zabaltzea hurrengo hilabeteetan.
● Parte hartze prozesuaren ostean erreferendum bat egitea herritarrek erabaki dezaten.

Hemen klikatuta EH Bilduk aurkeztuko duen mozio osoa irakurgai.