PASCUAL CHURRUCAko orubearen etorkizuna adostasunean eta herritarrekin batera erabakitzeko proposamena.

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 2a, 09:32
Pascual Churruca.

Hirigintza Plana onartu zenean Pascual Churrucan etxebizitza libreak egin ahal izatea adostu zen alderdi guztien artean. Garai hartan, kolokan zegoen enpresari, arnasa ekonomikoa ematea zen ekintza horren helburua, enpresaren lekualdatzea lagunduz. Enpresaren bideragarritasunarentzako galga ziren kokapena eta honen ondorioz sortzen ziren logistika arazoak konpontze aldera.

Beranduegi izan zen ordea, enpresak ateak itxi behar izan zituen azkenean. Egoera berri honetan orube horretan egin daitekeenaz irakurketa ezberdinak dauzkagu alderdi politikoen artean. Batak zein besteak Hirigintza Planaren modifikazioa eskatzen dute, orubeari erabilera berri bat ematea planteatzen dutelako.

Udal Gobernuarentzat egokiena bertan etxebizitza sozialak egitea litzateke. EHBilduko zinegotziontzat ordea herriarentzat askoz interesgarriagoa litzateke Eusko Jaurlaritza herrian inbertitzeko prest dagoen diru hori Olaldeako guneari biabilitatea errezteko bideratzea. Horregatik gure ustez ondorengoa da planteamendu egokiagoa:

  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari proposatzea etxebizitza sozialak Pascual Churrucan egin ordez Olaldean egitea.
  • Errekalde kaleko 18. eraikina, Pascual Churruca parean bukatu gabe dagoen eraikina, bereganatu eta bertan etxebizitzak egitea eskatzea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Etxebizitza horiek Olaldeatik berkokatu behar diren herritarrentzat bideratuko lirateke.
  • Pascual Churrucako eraikina berriztea (Erregetxen kultur ekipamendutarako aurreikusita dagoen eraikuntza ordezkatuko luke. Denboran lehenago egiteko aukera ematen du eta gainera aukera merkeagoa da). Hainbat proiektu garatzeko aukera emango luke honek. Adibidez:
    • Ekintzaile, negozio berrientzat coworking gunea.
    • Brigadarentzat materialak gordetzeko zein aldageletarako leku egokia.
    • Gaur egun lokal egokirik gabe dauden herriko eragileentzat espazioak sortzea. Adibidez Musika Taldeentzat eta Urrats Dantza Taldearentzat espazio propio duinak egiteko aukera ematen du guneak.
    • Erregetxen aurreikusita dagoen ekipamendutarako eraikuntza baino egingarriagoa

Zertan oinarritzen da EHBilduko zinegotzion planteamendua?

Eusko  Jaurlaritza prest dago Soraluzen etxebizitzak sozialak egiteko milioiak inbertitzeko. Logika pixkat erabilita errez ondorioztatu daiteke beste urte dexentetan ez duela Etxebizitza Sailak berriz dirurik inbertituko Soraluzen.

Beraz, ondo aukeratu behar ditugu eskatu eta bultzatu nahi ditugun proiektuak; ez oharkabean, irizpide argi eta estrategikoen arabera ordenatuta baizik.

Herriaren premiak, lehentasunak eta aukerak izan behar dira proiektuen ordenatzea gidatu behar dutenak.

❖ Aurreko hiru irizpide horiek kontuan hartuta, azaletik begiratuta, honako premien zerrenda osatu dugu:

  • Irisgarritasuna. Txurruken eta inguruko kaleak herriaren erdigunearekin lotzea, Errekalde eta Atxuri kaleak Santa Ana kalearekin lotuko dituen oinezko zubia eraikiz.
  • Santa Ana kaleko/ herri barruko sarbidea eroso eta segurua ematea.
  • Herriaren iparraldeko sarrera seguruagoa eta erosoagoa
  • Ekonomiaren sustapenerako espazioak sortzea.
  • Herritarren ekintza eta ekimenendako espazioak. Enpresen mintegiak, kultura ekintza edota musika taldeentzako lokalak, aisialdirako esparru estaliak, etab
  • Etxebizitza berriak eraikitzea eta zaharkiturik daudenak berriztea.

○  Herriko batez besteko adina gora doan heinean, gero eta mugikortasunerako zailtasun handiagoak dituzten herritarrentzako etxe bizitza egokituak eskaintzea, beraien premiak asetzeko moduko etxebizitzak.

o      Gazte jendearentzako etxebizitza berriak eta erakargarriak eskaintzea, herrian bizi izaten geratzeko erabakia hartzen lagunduko lieketenak.

o      Zahartzearen poderioz ruina egoeran geroz eta eraikin gehiago daude Soraluzen. Horiek berriztea eta eskeletoan dauden eraikinak osatzeak Soraluzeko etxebizitza politikaren erdigunean egon beharko luke.

❖   Premien zerrenda luzea da; dirua, ordea, mugatua. Zeri eman lehentasuna, orduan? Zertan inbertitu Jaurlaritzak Soraluzen urteetan gastatuko duen dirua?

EHBilduren proposamenarekin goian aipaturiko helburuak neurri handi batean betetzeko aukerak sortuko liratekeela ulertzen dugu.

Udal Gobernuak ordea Pascual Churrucarako gaur aurkeztu duen konbenioarekin goian aipatu ditugun helburu bakar bat ere ez litzatekeela lortuko uste dugu ordea. Beraz Udal Gobernuak dioen Pascual Churrucan etxebizitza sozialak egitea “galdu ezinezko aukera” ote da benetan? Erregalatua izateagatik, udalari 0 euro kostatzeagatik, benetan itsu-itsuan onartu behar al dugu Etxebizitza Sailak egindako proposamena?

 

Erabaki batzuen epe motzeko ikuspegiak, luzerako onuragarriagoak izan litezkeen beste batzuk zapuztu ditzakete, eta etorkizuna hipotekatu.

Bat gatoz Udal gobernuak esaten duenean urteetan ez dela inbertsio publikorik egin Soraluzen eta herriarentzat estrategikotzat hartzen diren proiektuek adostasuna eskatzen dutela.

Ondorioz, plazentxiatarrok gehien babestu dugun indar politikoko zinegotziok zera esan nahi dugu :

Guzti honegatik adostasuna zein herritarren erabakitzeko eskubidea oinarri dituen  ondorengo proposamenak aurkezten ditugu gaur bozkatzeko:

  • Pascual Churrucarako mahai gainean dauden bi proposamenak herritarrekin aztertu eta baloratzeko parte hartze prozesu bat zabaltzea hurrengo hilabeteetan.
  • Parte hartze prozesuaren ostean erreferendum bat egitea herritarrek erabaki dezaten.