Udalbatzarrak aurrekontu egokitzapena onartu du, EH Bilduren abstentzioarekin

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 3a, 11:00
Osoko bilkuran Udal Gobernua alde bozkatzen.

Atzo, eguena, luze jo zuen udal ordezkarien osoko bilkurak. 21:30ak arte iraun zuen bileran,  bi puntuk eragin zuten, batik bat, politikarien arteko eztabaida: udal aurrekontuaren harira landutako gaiek eta Pascual Churruca orubearen etorkizunak. Udal aurrekontuari dagokionez, Udal Gobernuak proposatutako “egokitzapena” onartu zen, EH Bilduren abstentzioarekin.

Iker Aldazabal zein Patricia Borinaga Udal gobernukideek, biek ala biek eman zituzten azalpenak 2020ko udal aurrekontuan egin beharreko egokitzapena dela-eta.

Laburbilduz, alkateak gogora ekarri zuen Foru Funtsetik etorri ohi den finantzazioa %20an murriztuko dela -568.000 euro gutxiago Soraluzerentzat- eta horrek “eragin zuzena” izan duela aurtengo aurrekontua berregokitzeko. Adierazi zuen aurten inbertsio asko “bertan behera” geratuko direla,  baina Udal Gobernuaren asmoa dela etorkizunean guztiak “exekutatzea eta garatzea”. 

Patricia Borinaga gobernukide sozialistak, berriz, “egoera perspektiban” jarri nahian, Soraluzeko Udalaren 2015eko gastuak eta 2020koak alderatu zituen. Baita erakundearen aurrezpen maila ere. 

Bost urteotako jarduna

Besteak beste, ordezkari sozialistak azpimarratu zuen azken bost urteotan handitu egin direla Udalaren gastu finkoak (pertsonalarena %18,35 eta gastu korrientea %31). Horrekin batera, Udal Gobernuak azken bost urteotan egindako jarduera nagusiak balioan jarri nahi izan zituen, eta egindakoen zerrenda luzea deskribatu zuen; batzuk aipatzearren:

  • Gaztelekuaren eta udal ludotekaren egokitzapenak.
  • Kiroldegiko konponketak (igerilekuko kubierta eta hezetasuna kentzeko makina).
  • Udalari esker, Diputazioak %100ean finantzatu zuela Irukurutzetako biribilgunea.
  • Errabal eta Gabolats kaleen urbanizazioak.
  • Musika Eskolan egindako inbertsioak.
  • Alejandro Calongeko irisgarritasun-lanak (arrapala).
  • Udaltzaingoarentzat gehi udal lan-taldearentzat ibilgailu berriak.
  • Sologoengo zentrala udal jabetzako bilakatu.
  • Ezozi auzoko pista…

Eta besteak beste, Borinagak gogora ekarri zuen urte hasieran onartutako 2020ko udal aurrekontuan 253.958 euroko aurrezpena zegoela, “egoera normal batean” nahikoa izango zena. 

EH Bilduren izenean, berriz, Unai Larreategik azpimarratu zuen orain ez dela “atzera begira” jartzeko momentua. Hark “faltan” bota zuen gaur egungo “egoeraren diagnostikoaren” eta Udalak egingo dituen “murrizketen” berri ematea. Gaineratu zuen aurrekontuaren aldaketa “derrigor egin beharrekoa” dela, baina “berandu” etorri dela. 

"Ikuspegi estrategikoa"

Halaber, Larreategik esplikatu zuen aurrekontuaren egokitzapena bozkatzerako orduan, EH Bildu, kontra bozkatu barik, abstenitu egin zela, Udal Gobernuak ez diolako oposizioari aurrekontuaren egokitzapenean “parte hartzeko aukerarik” eman, baina aldi berean, “prestutasuna” erakutsi nahi dutelako udal ordezkari guztien artean “elkarlana egiteko herriaren mesedetan”. Larreategik uste du “hausnarketarako” garaia dela, oraingo “udal aurrekontuak” ez dielako erantzunik ematen “herriaren egiturazko arazoei”. Oposizioko bozeramaileak azpimarratu zuen “Udal gestioa” aldatu beharra dagoela, “bai ala bai”, herri hau “pobrea” delako eta ez dituelako “baliabiderik”.

Bat egin zuen argudio horrekin koaliziokide Ana Maiztegik. Hark adierazi zuen Udalak ez duela “ikuspegi estrategikorik”; dituen aurrezkiak “partxeoetarako” erabiltzen direla eta “herriaren gainbehera” gerarazteko “kudeaketa eredua aldatzea” beharrezkoa dela, “premiak eta aukerak mahai gainean” jarriz. 

Oposizioen kritikei Patricia Borinaga sozialistak erantzun zien berriro ere. Hark esan zuen lehentasun estrategiko batzuk izan arren, “gestionatzea tokatzen denean, momentuko beharrek jan egiten” dituztela. Bestalde, azpimarratu zuen “aurrerapen garrantzitsua” iruditzen zaiola hiru alderdien artean adostu izana herriko merkatariendako eta ostalariendako laguntzak; “aprobetxatu dezagun dinamika hori”, gaineratu zuen. 

Unai Larreategik erantzun zuen onartzen duela “dena mugatuta” dagoela; baina gaineratu zuen, dirulaguntza hori onartu arren, “premia handiak” geratu direla “laguntza barik”. Ildo beretik, oposizioko bozeramaleak “borondatea” erakutsi zuen “orain heldu ezin izan ziren haiengana etorkizunean ailegatzeko, elkarlanean”.