Biharko udalbatzarrean, inbertsioak eta gastuak murriztea proposatuko du Udal Gobernuak

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 1a, 10:58

Bihar, eguena, 2020ko bigarren osoko bilkura egingo du udalbatzak. Udal ordezkariek landuko dituzten gaien artean, Udal Gobernuak proposatuko du 2020ko udal aurrekontuan egokitzapenak egitea, batik bat, koronabirusaren krisiak eraginda, finantzazio-iturrietan %20ko jaitsiera izango baitu Udalak. Kontuak doitzeko inbertsioak murriztea eta gastuak gutxitzea proposatuko dute gobernukideek.

Biharko udalbatzarrean Udal Gobernuak proposatuko duen aurrekontu aldaketaren ezaugarri nagusia da inbertsioetan murrizketa handiak izango dituela. Doikuntza hori Udal Gobernuak erabakitako "lehentasun ukiezinen" arabera egin da. 

Iker Aldazabal eta Patricia Borinaga gobernukideek esplikatu dutenez, “argi" zuten Ongizate Sailaren aurrekontua ez zela ukituko. Horrez gain, ukiezinak dira bai gastu arrunta eta pertsonal gastuak ere, "konprometituta" daudelako eta "finkoak" direlako.

Inbertsio murrizketa

Hori horrela, gobernukideak inbertsioetan zentratu dira eta 2020rako aurreikusitako 288.458 euroko inbertsioak 106.000 eurotara murriztu dituzte, haietako hainbat bertan behera utzita eta beste hainbaten kopurua murriztuta. Beheko taulan daude jasota zehaztasunak.

Edozelan ere, Iker Aldazabal alkateak azaldu du aurreikusitako inbertsio nagusiari, Plaentxi Herri Ikastetxekoari, eutsiko diotela: "Plaentxi Herri Ikastetxeko irisgarritasuna bermatzeko eskailera egingo da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik %60ko dirulaguntza lortu delako: 41.000 euro". 

Gastuak gutxitu

Inbertsioak murrizteaz gain, sortu diren beharrei aurre egiteko, beste bi neurri ere hartu ditu Udal Gobernuak: Udalaren hainbat gastu murriztu egin ditu eta iazko aurrekontuaren likidazioko soberakina -358.449,62 euro- ia osorik behar berrietara bideratuko dute. Haren zati bat erabiliko dute aurreikusitako proiektuen artean bakarra gauzatzeko: Errekaldeko etxea botatzea. "Etxearen egoera kontuan hartuta, segurtasuna bermatzeko botako dugu", esplikatu dute gobernukideek. 

Soldatak murriztu 

Gastua gutxitzeari dagokionez, hartu duten bide nagusia pertsonal gastuak murriztea izan da, aurreikusita zeuden igoerak ukituz. 

Batetik, Udal lantaldearena. "%2ko soldata igoera izoztu dugu; baita Sustapen teknikariaren %20ko dedikazio-igoera ere. Krisi honetan lanpostuak bermatuta dituztenez, beste askoren egoera zein den jakinda eta funtzionarioei soldata ez igotzea bidezkoa ez bada ere, iruditu zitzaigun onargarria zela soldatak izoztea, egoera hobetzen denean igoera aplikatzeko asmoz". 

Bestalde, lan-jardun erdiz argiketaria kontratatzeko asmoa bertan behera gelditu da. baita uztaila-abuzturako Udal lantaldea indartzeko egin ohi den bi peoiren kontratatzea ere. 

Salbuespena da etxez etxeko langileei plusa emango zaiela, alarma egoeran arriskuarengatik lan-baldintzak bereziak izan direlako. 

Alkateak soldata murriztuko du

Bestetik, alkatearen soldata murriztu egingo da, %10,58an: "Erabaki erabat pertsonala izan da, Iker Aldazabalek hartutakoa. Esan didate ez egiteko, berdin kritikatuko nautela, baina egitea erabaki dut. Zein egoeratan gauden ikusita, uste dut denok egin behar dugula esfortzuren bat, eta ni alkate eta udaletxeko buru naizenez, ba etsenplua emateko”, esan du alkateak. 
 
Azkenik, "zerbitzuetan ukitu den bakarra Udal Gaztelekua da", azaldu dute: "Lehenagotik itxita zegoen, hainbat arazorengatik; momentuz, eta egoerak aurrera zelan egingo duen ikusi arte, Gaztelekuaren zapatuetako eta domeketako zerbitzuak etenda geratuko dira; ez, ordea, barikuetakoa".