Udal Gobernuak dio EHBildu “gezurretan” ari dela

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 11a, 08:00

Udalbatzarrak egindako azken osokoan, Udal Gobernuko kideak eta oposizioa botoa ematen.

Joan den domekan, EH Bilduk gogor kritikatu zuen koronabirusaren krisiaren aurrean Udal Gobernua egiten ari den kudeaketa, Besteak beste, adierazi zuen Udalak ez duela “pausorik” eman laguntasunik bideratzeko eta “geldirik dagoela”. Kritika horiei erantzunez, Udal Gobernuak idatzia kaleratu du eta esan du koalizioa “gezurretan” ari dela: "Neurri batzuk dagoeneko onartu dira eta beste batzuk adosteko eta onartzeko daude, maiatzaren 14an udaletxean egingo den bileran". Idatzian, Udal Gobernuak orain arte hartu dituen neurriak zerrendatu ditu eta aurreikusi du neurri horien eraginez 2020rako udal sarrerak “40.000 eurotan" murriztuko direla. Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, Udal Gobernuak ukatu egin du "udaletxeko itsulapikoa hutsik" dagoenik, eta "datu gisa" aipatu du "2019ko diruzaintzako gerakina 358.449,62 eurotakoa" izan zela. 

Segidan, Udal Gobernuak oposizioko koalizio EHBilduri emandako erantzuna, osorik:

 

UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA EHBILDURI

Soraluze EHBilduren bozeramaileak egindako adierazpenei erantzunez, Gobernu taldeak honako zehaztapen hauek egin nahi ditu:

Adierazpen horietan, EHBILDUko bozeramaileak adierazi du hainbat udalek COVID19k sortutako krisi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartzen ari diren bitartean, Soraluzeko Udala geldirik eta nokeatuta dagoela eta ez duela neurririk hartu. Gezurretan ari da. Izan ere, berak ondo dakien bezala, neurri batzuk dagoeneko onartu dira eta beste batzuk adosteko eta onartzeko daude, maiatzaren 14an udaletxean egingo den bileran. Bilera horretara EHBILDUko bozeramailea ere bertaratuko da.

Orain arte hartutako neurriak, apirilaren 20ko Ogasun Batzordean eztabaidatu zirenak, honako hauek dira:

Martxoko kirol-ikastaroetako kuotaren erdia itzultzea, eta, udal-kiroldegiko urteko abonuen kasuan, alarma-egoerak indarrean dirauen bitartean ematen ez diren zerbitzuen zati proportzionala itzultzea.

Alarma-egoera deklaratu zenetik zerbitzuak telematikoki ematen hasi arte, igarotako aldiari dagokion kuotaren zatia Ludoteka eta Gaztelekuko erabiltzaileei itzultzea, hilabetez. Eta bolilloen tailerreko erabiltzaileei eman gabeko zerbitzuaren zati proportzionala itzultzea, alarmak indarrean dirauen bitartean.

Urteko hirugarren hiruhilekoari dagokion zaborraren tasa ordaintzetik salbuestea alarma-egoera deklaratzeagatik itxita egon behar izan duten saltokiei, ostalariei eta enpresei. Enpresei tasa hori murriztuko zaie itxita egon diren aldiaren proportzioan.

Alarma-egoeraren deklarazioagatik itxita egon behar izan duten ostalaritza-establezimenduei eta asteko merkatu-postuei espazio publikoen okupazio-tasa murriztea, itxita egon diren aldiaren proportzioan.

Hartutako neurri hauek , gutxi gorabehera 40.000€-tan murriztuko dute 2020rako aurreikusitako udal-sarrerak.

Gainera, COVID-19k eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak izango dituen diru-sarrerak aurreikusitakoak baino % 25 txikiagoak izango direla aurreikusten da, eta, ondorioz, Udalak 709.483,25€ gutxiago jasoko ditu Foru Funtsaren kontzeptuan, hau da, aurtengo aurrekontua erabat berregin beharko delarik, 749.483,25€ gutxiagoko sarrerak aurreikusiz.

Udal aurrekontua udal batek duen tresna ekonomikorik garrantzitsuena da. Azken lau urteotan, EHBilduk aurka bozkatu du, gastua murrizteko neurri zehatzik aurkeztu gabe. Beraz, orain esatea, aurreko urteetako datuak mahai gainean jarrita eta aurrekaririk gabeko krisi baten erdian, kudeaketa ekonomiko orekatuagoa egin behar dela, egoeraz baliatzea da, politikoki etekina ateratzen saiatzeko.

Eta, beste behin ere gezurretan ari da, udaletxeko "itxulapikoa" hutsik dagoela esaten duenean. Eta, datu gisa, adieraziko dugu udalaren 2019ko diruzaintzako gerakina 358.449,62etakoa izan dela. 358.449,62€, hainbat inbertsio-proiektu abian jartzeko balioko zutenak, eta, egoera ikusita, Udalak izango duen diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko erabili beharko direnak.

Gobernu-taldeak jakinarazi nahi die soraluzetarrei krisi hau eta haren ondorioak kudeatzeko gure lehentasunak honako hauek izan direla eta izango direla beti:

Ematen diren udal-zerbitzuak martxan mantentzea.

Alarma-egoeraren deklarazioak eragin larria izan duten bizitza- edo negozio-proiektuak dituzten pertsonei, saltokiei, ostalaritza-establezimenduei eta abarri laguntzeko neurriak adostu eta hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.