Udal Gobernuak azpimarratu du Soraluze ez dela “inoiz aipatu” Jaurlaritzak ezarritako gomendioen eremuan

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 19a, 17:05
Soraluze. Argazkia: Soraluzeko Udala.

Zaldibarko auzia dela-eta, EHBilduk kaleratutako oharrari erantzunez, Udal Gobernuak, jakinarazi du oposizioak “momentu oro” izan duela gertatutakoaren “informazio zuzena”. Gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioetan Soraluze ez dela inoiz aipatu; eta azpimarratu du Soraluzen ekoizten diren barazkiak arazo barik kontsumitu daitezkeela.

Sei puntuko oharra baliatuta erantzun dio Udal Gobernuak atzo oposizioko EHBildu koalizioak kaleratu zuen oharrari.

Batetik, azpimarratu du “EHBilduk momentu oro” izan duela gertatutakoaren “informazio zuzena”, bai zapatuan, Debabarreneko ospitaleko ordezkariekin berba egin ondoren, eta baita astelehenean ere, Eibarko ospitalean izandako batzarraren ondoren. 

Bestetik, gogora ekarri du Jaurlaritzak ezarritako gomendioak Zaldibarri, Eibarri eta Ermuari dagokiela, eta Soraluze ez dela “inoiz aipatu”. Zentzu horretan aipamena egiten dio Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko ikerlari Begoña Jimenezi, hark esandakoaren arabera, ez da-eta “beharrezko ikusten airearen kutsaduraren azterketa eremu gehiagotara zabaltzea”. 

Barazkiak "arazo barik" kontsumi daitezke

Bestalde, segurtasun eremua noraino ailegatzen den zehazteko, eta hartu beharreko neurriak, gomendioak eta debekuak ezartzeko eskumena Jaurlaritzako Osasun Sailarena dela nabarmendu du. Eta bukatzeko, azpimarratu du Jaurlaritzaren Elika fundazioaren esanetan, Zaldibarko lurretan ekoiztutako barazkiak ”arazo barik” kontsumitu daitezkeela, “ondorioz Soraluzen ekoizten direnak ere bai”, dio Udal Gobernuak.

Azkenik, Udal Gobernuak uste du “iturri ofizialak” erabili behar direla adierazpenak egiteko “oinarri” modura, “egiazko eta kontrastatutako informazioa emanez herritarrei”. 

Udal-gobernu taldeak gaur kaleratu duen oharra osorik HEMEN