Udalerriko airearen kalitatearen inongo neurketarik egin ez izana salatu du EHBilduk

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 19a, 09:39

Soraluzeko EHBilduk uste du Zaldibar-Ermua-Eibar inguruko airearen kalitatearen azken neurketek erakutsiko balute egoerak okerrera egin duela, Eusko Jaurlaritza Soraluzen ere airearen neurketak egiten hasi beharko litzatekeela. “Eusko Jaurlaritzaren aurrean gutxieneko konpromiso horren defentsa egin beharko luke Soraluzeko Udalak”, gaineratu du oposizioko alderdiak.

Atzo iluntzean, oharra kaleratu zuen Soraluzeko EH Bilduk Zaldibarko zabortegiko gertakariaren eta haren ondorioen inguruan. Bertan, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren familiei elkartasuna adierazi ondoren, salatu dute soraluzetarrok “prentsa bidez” jakin genuela “furano eta dioxina maila altuak detektatu zirela Zaldibarko zabortegiaren inguruan”.

20 kilometroko eremua

Gaineratu dute, zalantza dutela Eusko Jaurlaritzak ezarritako 5 kilometroko segurtasun eremuaren gainean, “beste erakunde batzuek (ENEEK, esaterako) “segurtasun eremua 20 kilometrokoa izan beharko litzatekeela adierazi” baitute, esanez “aztertu egin beharko liratekeela eremu horretan dauden baserrietako nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetan airearen kutsadurak izan ditzakeen ondorioak, tartean Soraluzeko baserrietako ustiapena”.

Horrez aparte, eta kontuan hartuta orain arte ez dela Soraluzeko airearen kalitatea neurtu, udalerriko EHBilduk uste dut bihar edo etzi kaleratuko diren azken neurketek erakutsiko balute kalitateak okerrera egin duela, Eusko Jaurlaritza Soraluzen ere neurketak egiten hasi beharko litzatekeela “emaitza horiek jaso bezain pronto”. 

Halaber, uste du Soraluzeko Udalak “konpromiso horren defentsa” egin beharko lukeela. “Herritarrari datu objektiboak eta erabakien zergaiti argiak eskaintzeko garaian gaude, eta orain arte ez da soraluzetarron esku ez datu objektiborik ez eta neurketak ez egitearen zergaitirik jarri”.  

EH Bilduk kaleratu duen oharra osorik HEMEN