Superkopa irabazi zuten jokalariak omendu ditu Eibar taldeak

Egoitz Unamuno 2020ko urt. 7a, 09:05

Abenduaren 28an, Eibartarrak taldeko emakumezko jokalari ohiak omendu zituzten Ipuruan; 1999an Espainiako emakumezkoen Superkopa irabazi zutenak, tartean plazentziatarrak. 

Duela hogei urte, emakumezkoen futbola bere hastapenetan zegoen eta Eibartarrak taldeak sekulako balentria lortu zuen Espainiako Superkopa irabazita. Emakumezkoen futboleko garaiko erreferente nagusienetako bat bihurtu zen.

Hain zuzen, garai hartan, Eibartarrak taldeko jokalari ziren Maialen Galarraga plazentziatarra, eta gerora “plazentziatartu” diren Arrate Gisasola eibartarra eta Lidia Fernandez elgoibartarra ere. Baita, Plaentxi herri ikastetxeko zuzendaria den Arantxa Mata eibartarra ere. Gaur egun, hiru plazentziatarrek jokatzen dute Eibar taldean: Naroa Zubiaurrek, Miren Alonsok eta Ane Fidalgok; eta batek Elgoibarren: Maria Olabarriak.  

Abenduaren 28an, Eibar Kirol Elkarteak garaipen hura gogoratu eta egindako ibilbidea aitortzeko omenaldia antolatu zuen Eibarren. Lehenik, emakumezkoen bigarren mailako ligan jokatzen duten Eibar eta Alaves taldeek lagun arteko partidua jokatu zuten Ipuruako zelaian, eta ondoren, Eibartarrak taldeko jokalari ohiek argazkia atera zuten koparekin, eta amaitzeko, elkarrekin bazkaldu zuten.   

Eibartarrak aitzindari

Jesus Gutierrez historialariaren arabera, duela 48 urte, 1971n jokatu zen emakumezkoen arteko lehen futbol partidua Eibarren; urtero Jasokundeko monjen alde dirua biltzeko antolatzen zen elkartasun partidu batean. 12 eta 15 urte bitarteko neska gazteak ziren, eskolan kirola egiten zutenak. Garai hartan, ordea, ez zuten eskolatik kanpo lehiatzeko aukerarik.

Handik, hamazazpi urtera, 1988an, duela 31 urte, sortu zuten emakumezkoen lehen futbol taldea Urki kirol elkartearen barruan, 90. hamarkadan Eibartarrak izatera pasatu zena eta talde horrek 1999an jo zuen goia, Espainiako Superkopa eskuratu zuenean. Eta ez hori bakarrik, urte hartan, Eibartarrak kopako txapeldunorde izan zen eta ligan hirugarren sailkatu zen.

Harrezkero, emakumezkoen futbola egituratzen joan da eta 2003an Eibar futbol taldeak bere gain hartu zuen Eibarren emakumezkoen futbola kudeatzeko ardura eta gaur egun emakumezkoek Eibarren kamisetarekin jokatzen dute.   

Erlazionatuak

Ipuruako omenaldia bideoan

Egoitz Unamuno 2020 urt 05 Soraluze