Barikuan, Shirley Davis kantari ingelesak hasiera dizdiratsua eman zion Blues Hotsak jaialdiari. Londrestarraren ahotsaren indarrak eta eszenatokian mugitzeko duen estilo bereziak, zeharo txunditu zituen antzokian batu ziren ikusleak; hirurogeita hamar inguru (kanpoko herrietatik etorritakoak ere bai tartean: Elgoibar, Eibar, Arrasate, Zumaia). Davisek lagun izan zituen musikariak ere ez ziren atzera gelditu, sekulako maisutasuna erakutsi baitzuten blues eta soul doinurik bizienak interpretatzeko orduan ere.
Shirley Davis & The Silverbacks taldeak lortu zuen ikusleen barruetara heltzea eta blues giro berezia sortu zuen antzokian, eta horretan zerikusiri handia izan zuen ikusleak aktibatzeko egin zuten ahaleginak. Izan ere, emanaldi osoan zehar, behin eta berriz altxarazi zituzten ikusleak aulkietatik eta dantzan jarrarazi, harik eta blues eta soul erritmoak ikuslerik gehienen gorputzetan barneratzea lortu zuten arte. Ondorioz, denak atera ziren gustura antzokitik, bai musikariak eta bai ikusleak.