The Allnighters-ek giroa lehertu zuen Zentroan

Egoitz Unamuno 2019ko abe. 17a, 09:57

Gasteizko taldeak poliki-poliki berotu zuen  giroa eta kontzertuaren amaierarako dantzan jarri zituen Zentroan batu ziren musikazale guztiak. Argazkiak: Fernan Oregi.

Zapatukoa ez zen izan The Allnighters taldeak Zentroan eskaini zuen lehen kontzertua baina bai aspaldiko partez eskaini zuen lehena. Izan ere, gasteiztarrek duela hogeita bost urte eskaini zuten euren azken kontzertua zubiko lokalean, 1994an hain zuzen ere. Mende laurden bat igaro den arren, taldeak erakutsi du soberan dituela gaitasuna eta indarra musikazaleak limurtu eta giroa lehertarazteko. 

Eszenatokian tetriseko piezak bezela kokatuta zirela, zazpi musikariek sekulako erritmo eta indarrarekin jo zuten kontzertuak iraun zuen ordu eta erdian. Amaiera aldera, eszenatokitik jeitsi eta publikoarengana hurreratu ziren, gertutasuna bilatu eta garagardoa eskutan zeuden berrogeita hamar ikusleen artean giroa bor-bor jartzea lortzeko asmoz. Eta lortu zuten.