Kike Amonarrizek hartu du lekukoa

BEREZIA 2019ko ira. 29a, 11:59
Aldaketa gauzatu zen barikuan Andoainen, Euskaltzaleen Topagunearen batzar orokorrean. Kike Amonarrizek Elena Lakaren lekukoa hartu zuen Topagunearen lehendakaritzan. Aro berri bati ekingo diote, modu horretan.

Ostiral arratsaldean Andoaingo Martin Ugalde Kultur parkean egin zenen batzar orokorrean, Kike Amonarrizek Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaritza hartu zuen. Kargu hartze aldaketan lehendakari berriak adierazpena egin zuen.

Topaguneak ekitaldiaren berri eman du, ohar bidez, hainbat xehetasun eskainiz:

2014tik Topaguneko lehendakari izan den Elena Lakak Tolosaldeko Galtzaundi elkarteko kide den Kike Amonarrizi eman dio lekukoa, bertaratutako bazkideek ahobatez izendatu ondoren. Amonarrizek emandako konfidantza eskertu die euskaltzaleen mugimenduko kideei. Euskaltzaleen mugimenduko kide aspaldi da eta Topagunearen sorreran parte hartu zuen Kike Amonarrizek eta gerora lotura estua izan du federazioarekin. Gaur egun Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko lehendakari ere bada. Topagunearen 22 urtetako historian izan diren lehendakarien ekarpena gogora ekarriz, kargua ilusioz eta erantzukizunez hartu duela azpimarratu du.

Bost helburu nagusi zehaztu ditu bere kargu hartze ekitaldian lehendakari berriak:

  • Euskaltzaleen mugimendua salto kualitatibo berri bat emateko prestatzea, kide diren elkarteak indartu eta elkarte berrien sorrera bultzatuz. Horretarako funtsezkoak izango dira antolaketa-eredu berri eta malguen alde egitea, aktibazio soziala bultzatu eta boluntarioen partaidetza areagotzea eta euskaltzaleen mugimenduak presentzia urriagoa duen guneetara heltzea.
  • Euskara bizitza sozio-politikoaren erdigunera eramateko herri akordioak bultzatzea.
  • Euskaraldiaren hurrengo edizioetan euskararen normalizazioan eragiteko erronka eta aukera berriak lantzea, era guztietako entitateetan eraginez eta euskararen erabilera zabaltzeko urrats praktikoak proposatuz.
  • Euskararen erabilera bultzatzea, euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi eremutan eraginez: lan munduan eta aisialdian.
  • Euskalgintza indartu eta adostasun sozio-politikoak bultzatzea, Kontseilutik.

Horiez gain, Euskaltzaleen Topaguneak azken urteotan indartu dituen eremuetan (hizkuntza eta kultur aniztasunean, aisialdian, kulturgintzan, mintzapraktikatan, sentsibilizazio ekintzetan eta gogoetan) sakondu eta mugimenduaren eragina handitzen jarraitzea ere markatu du Amonarrizek hurrengo urteetarako erronka modura.

Izan ere, Elena Lakak gogora ekarri duenez, azken urteetan garapen handia izan du euskaltzaleen mugimenduak eta asko izan dira Euskaltzaleen Topaguneak eman dituen urratsak. 2014tik hona Euskaltzaleen Topagunea hazteaz batera Euskaltzaleen Mugimendua hazi eta zabaldu egin da Euskal Herri osoan. Topagunean euskalgintzako sektore guztiekin eta erakundeekin elkarlana lantzeko egin den apustua azpimarratu du orain arte lehendakari izan denak, eta horren fruitu izan dela, besteak beste, Euskaraldia. Aktibazioan egindako aurrerapausoa handia izan da, baina oraindik asko dago euskararen erabileran aurrera egiteko asko dagoela gogora ekarri du Lakak, bere agurrean.

Euskaltzaleen aktibazioan emandako urratsez gain, Elena Lakak azken urteetan Euskaltzaleen Topagunean landutakoak garrantzitsuak izan direla aipatu du: hizkuntz aniztasunaren inguruan egindako urratsak, toki komunikabideen garapena Tokikomen eskutik, kultur eta aisialdiaren arloan egiten ari direnak edo euskara praktikatzeko aukera jendetsua Mintzalagun proiektuaren bitartez, besteak beste.

Batzarrean Euskaltzaleen Topaguneko bazkideek datozen urtetarako lan-ildo nagusiak zehazteko tartea ere egon da.

Albiste hau Aiurri.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu Plaentxia.eus-era.