2014ko apirilean hartu zuen lehendakari kargua Elena Lakak, urte luzez Bergaran bizi den elgoibartarrak, eta, bost urte baino gehiago karguan egon ostean, utzi egingo du. "Bost urte badira zerbait. Lagatzeko momentu bat badela uste dut. Ahal izan dudan neurrian, buru-belarri sartuta eta inplikatuta aritu izan naiz urte hauetan", azpimarratu du Lakak.
Kike Amonarriz aurkeztuko da haren lekua hartzeko hautagai moduan, eta, ondo bidean, tolosarra izango da aurrerantzean Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. "Ilusio handiz" hartuko du kargu berria. "Bost urte hauetan berak lideratu duen mugimendu guztia ikaragarria izan da. Jauzi ikaragarria eman dela uste dut, ilusio handiz bizi izan dugun jauzi bat. Orain, nik ilusio berarekin hartuko dut kargua, baina baita erantzukizunarekin ere, oso puntu onean, gainera, sekulako lana egin delako urte hauetan guztietan. Lan horri beste urrats bat, beste salto bat eman behar zaio, eta mugimendua zabaltzearen bidetik eta indartzearen bidetik ikusten dut nik", dio.
Lakak azpimarratu duenez, "sekulako lantaldea" dago topagunean, eta Amonarriz pertsona egokia da talde hori gidatzeko. "Sekulako lantaldea dago. Zuzendaritza batzordetik hasita, lantaldeak, euskara elkarteetako boluntario eta langileak, hainbat herritan sortu diren Euskaraldiko batzordeak... Jendetza ikaragarria dago momentu honetan, Euskal Herri osoan, gainera, sekulako lana egiten. Hau gizarte mugimendu bat da, eta jende asko mugitzen da norabide berean".
Orain arte lortutakoa zaindu beharraz
Amonarrizen esanetan, azken urte hauetan aurrerapauso handiak eman ditu topaguneak, eta Euskaraldia da horren adibideetako bat. Lortutako hori zaintzearen garrantzia azpimarratu du. "Euskaraldiak euskalgintzaren eragin ahalmena biderkatu du, eta elkarlanaren bidea sakondu egin behar da, eta horri, edukiak, eduki sakonak, eman behar zaizkio. Erronka, beraz, orain arte lortutakoa zaintzea izango da, eta horri etekina atera behar diogu".
Era berean, Lakak dio prozesu luze baten azkeneko begia izan dela Euskaraldia, eta aitortu du aurrera begira ere badagoela lana egiteko. "Zerbait handia espero genuen, baina ikaragarria izan da eta ez da horretan bukatu. Orain, 2020ko Euskaraldia etorriko delako, entitate gehiagorekin, herri batzorde gehiagorekin, eta helburua, gutxienez, jende kopuru berak parte har dezala. Hori posible egitea 2020an, 1996an oraindik gure herrietako elkarteak txoko batean zeuden momentuan... bada aurrerapausoa", adierazi du.
Bigarren Euskaraldi horri begira, beste aurrerapauso bat ematea da helburua, eta entitateetan zentratzea. "Entitate esaten dugunean, edozein talde egituratu da. Izan liteke enpresa handi bat, txaranga bat, ikastetxe bat edo yoga talde bat. Entitate horietan pertsonak daude, eta, orduan, bilatzen dena da euskaraz aritzen diren hariguneak identifikatzea", nabarmendu du Amonarrizek.