Soraluzeko egoera sozioekonomikoari buelta emateko bidean sinergiak aprobetxatu behar direla azpimarratu zuten

Ubane Madera 2019ko uzt. 17a, 12:13

Debegesako ordezkariak eta alkatea berbetan, atzoko batzarraren hasieran.

Debegesako arduradun nagusiak udaletxeko areto nagusian izan ziren atzo iluntzean, martitzena. Eskualdeko garapen agentziaren zereginak eta jarduna zein den azaltzera bertaratu ziren, bai udal korporazioko kideei, eta baita ere Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana aurkeztu zuen herritar taldeari.

Debegesako zuzendari gerentea Juan Angel Balbas, bertako Hirigintza eta Berrikuntza Saileko arduradun Esther Zarrabeitia eta enpresa eta industria saileko Kristina Zumeta arduraduna udaletxeko osoko bilkuren aretoan izan ziren atzo, martitzena.

Haien entzule izan ziren, berriz, SEPP, Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana aurkeztu zuen herritar taldea eta udal korporazioa osatzen duten hainbat zinegotzi. Eta ekimenaren helburua izan zen eskualdean Debegesa agentziak garapen ekonomikoaren arloan egiten duen lanaren berri ematea.

Ezezaguna

Iker Aldazabal alkateak esandako moduan, Debegesak egiten duen lana ezezaguna da askorentzat, eta “interesgarria” iruditu zitzaion, “ikuspegi industrialetik, Hirigintzako ikuspegitik, langabeziari dagokionez eta ekintzailetzari dagokionez” eskualdeko garapen agentziak “eskualdean eta, bereziki, Soraluzen” egiten duenaren berri zuzena ematea; eta abiapuntua izan zen, batik bat, joan den apirilaren 15ean herritar talde batek udal korporazioari Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana aurkeztu izana.

Baliabideak ezinbesteko

Bi ordu eta erdi iraun zuen batzarrean Debegesako ordezkariek urtetan egindako jardueren berri eman zuten, bereziki, Soraluzen egindakoen berri. Eta helarazi zuten mezu orokorra izan zen ahalegin handiak egin izan dituztela eta egiten segituko dutela Soraluzeko ekonomia eta bertako bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.  

Baina, horrekin batera, azpimarratu zuten ahaleginak egin arren ere, beti ez dela lortzen norberak nahi duena, eta edozein jarduera egin nahi izanda ere, ezinbestekoak direla baliabide ekonomikoak lortzea. Halaber, eskualdean udalerri guztiek batera lan egitearen garrantzia ere azpimarratu zuten.   

Ikasketa maila txikia

Bestelakoen artean, datu ugari ere partekatu zituzten. Batzuk nabarmentzearren, eta kontuan hartuta Soraluzek duen langabezia-tasa handia, adibidez, honakoak jakinarazi zituzten:

  • Soraluze da Debabarreneko langabezia tasarik handiena duena.
  • Langabeen %75ak ez du kualifikaziorik, bakarrik oinarrizko ikasketak. Bestela esanda, Soraluzek du eskualdeko langabetu gehien eta langabetu horiek dira ikasketa mailarik baxuenak dituztenak.
  • Langabeen %33 dira etorkinak.
  • Baina, aldi berean, etorkinak dira Soraluzeko bizilagun kopuruaren %9,68a bakarrik (Elgoibarren dira %8,25); beraz, ez dago alde handiegirik udalerri batetik bestera. Eta askok uste baino etorkin gutxiago bizi dira bertan.

Industriaren aldeko apustua

Ildo beretik, Debegesako ordezkariek azpimarratu zuten eskualdeko etorkizuna bermatzeko irtenbidea dela industriaren alde apustu egitea dela, historian Debabarrenaren ikur eta motor izan den industriaren alde, alegia. Eta bide horretan, eskualdean sortu berri den Basque Precision Technology District marka ipini zuten adibide modura.

Eta besteak beste, azpimarratu zuten, baita ere, hezkuntza aldetik ere horra bideratu beharko liratekeela ikasleak. Ze gaur gaurkoz, Debabarrenan langileak behar dira, baina gertatzen dena da “merkatuari eskaintzen zaiona ez dela merkatuak eskatzen duena”, Balbasen esanetan.

"Aspiradora" erraldoiak

Jakinarazi zuten eskualdearen gaur egungo egoera ekonomikoaren erantzule nagusia dela “bi aspiradora” erraldoien erdian gaudela: Bilbo eta Donostia.

Izan ere, bi “metropoli” horiek erakartzen eta eramaten dituzte inguruko giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehienak. Eta egoera orekatzeko, bai ala bai, eskualdera baliabideak erakarri behar direla, batik bat ekonomikoak, eta horiek izan behar dutela pribatuak.

"Bakarrik sentitu"

Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana landu eta aurkeztu duen herritar taldeak, berriz, behin baino gehiagotan helarazi zuten euren kezka iturria Soraluze dela, eta beraz, uste dutela udalerriari berari begirako lanketa propioa beharrezkoa dela: “Gu Soraluzek kezkatzen gaitu eta horretan zentratu gara. Behar dugu Soraluzerako plana. Eta Udalaren planak ez du zertan guk aurkeztutakoa izan, baina planen bat izan behar du”, esan zuen, adibidez, Jesus Uzinek. Eta gaineratu zuen baliabideak, nahiz gero, lortzen direla. “Borondatearekin errekurtsoak ateratzen dira”.

Ildo beretik, besteak beste, Ana Maiztegi zinegotzi bilkideak helarazi zuen “sentipena” dutela Bilbora eta Donostiara ez doazen eskualdeko baliabideak Eibarrera ala eskualdeko beste norabait joaten direla, “Maltzagatik harantz”, eta askotan “bakarrik sentitzen” garela soraluzetarrak.

Hobekuntzarik ez da igartzen

Bittor Trebiñok, berriz, azpimarratu zuen, besteak beste, egoera aldatzeko egin diren balizko ekimenen ondoriorik ez dela igartzen Soraluzen. “Arazoak egon arte itxaron bariki, egiten al duzue arazoak garatu ez daitezen zerbait?”, galdegin zuen, adibidez.

Eta ildo beretik, Nikolas Morillok gaineratu zuen arazoa dela unibertsitate mailako ikasketak dituzten soraluzetarrak ya udalerritik joanda daudela, eta nahi dutena dela jakin zer egin daitekeen Soraluze mailan, Euskadi mailako edo eskualde mailako plan estrategikoa galdu barik, igartzen hasi dadin udalerrian hobekuntzaren bat.

Hiru proposamen, bueltarako

Batzarra amaitzeko, Debegesako zuzendariak azentua ipini zuen beharrezkoa dela eskualdean dauden sinergiak aprobetxatzea aurrera egiteko, baita Soraluzeko egoera sozioekonomikoaz kezka erakutsi duen “gizarte zibil” horren eta erakundeen artean egon daitezkeen sinergiak ere “Gaur etorri gara zuei erakusteko dugun muskulua. Urte luzeko lanaren ondoren ehundu dugun sarea oso esanguratsua eta sendoa da. Zuei laguntzeko gaude, ea sinergiak zela artikulatu ditzakegun”.


Eta hurrengo baterako hitzordua egin zien: “Lehenengo laga iezadazue alkatearekin berriro ere berba egiten, eta ondoren atzera ere zuekin eseriko gara, eta aurkeztuko dizkizuegu hiru proiektu lanean hasteko”, esan zuen Balbasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.