Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana landu eta udal korporazioari aurkeztu diote

Ubane Madera 2019ko api. 16a, 14:07

Goian, ezkerretik: Nikolas Morillo, Bittor Trebiño, Alberto Arizaga eta Jesus Uzin. Behean, Nikanor Iñurrieta eta Juan Carlos Astiazaran.

Soraluzeren egoera ekonomikoarekin oso kezkatuta dagoen herritar talde batek Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana (SEPP) aurkeztu zion atzo iluntzean udal korporazioari. Enpresetan eta enpresekin edo ekonomiarekin lotutako irakaskuntza jardueretan eskarmentu luzea duen sei laguneko herritar taldeak egindako hausnarketa da.

Udal ordezkaritza duten alderdi politikoetako hainbat ordezkari bertan zirela, Juan Carlos Astiazaranek aurkeztu zuen atzo iluntzean Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plana (SEPP), osoko bilkuren aretoan.

"Etorkizun iluna"

Hark esplikatu zuen moduan, hausnarketa hori egiteko abiapuntua edo arrazoia izan da, euren esanetan, Soraluzeko ekonomia ez dagoela bere onenean, eta gainontzeko eta inguruko udalerriak gorantz doazenean, adibidez, Soraluze inguruko herriak baino motelago dabilela gorantz egiten.

Hala, duten kezka da “gauzak hobetu ezean, edo gauzak beste modu batera egin ezean etorkizun iluna” dagoela udalerrian. “Plaentxia da herri pobreena Euskal Herriko eskualderik pobreenean”, ekarri zuen gogora Astiazaranek.

Eskarmentu luzea ekonomia kontuetan

Hori horrela, taldeko kide bakoitzak hainbat hilabeteko lanketa partikularra egin, eta ondoren 10 astean, 20 bat ordutako lan-saioetan puntu komunak zehaztu dituzte Soraluzeko Ekonomia Pizteko Plaza landuz.

Hausnarketaren lanketan honako herritarrek parte hartu dute: Juan Carlos Astiazaranek (enpresa munduan lan egindakoa), Alberto Arizagak (finantzen munduan lan egindakoa), Nikolas Morillok (irakaskuntzan, ekintzailetza alorretan lan egindakoa), Nikanor Iñurrietak (enpresa munduan lan egindakoa), Jesus Uzinek (DanobatGroup-en tren saileko zuzendaritzakoa) eta Bittor Trebiñok (irakaskuntzan lan egindakoa).

Gazteak bertan geratu

Oro har, hiru gidalerro nagusi finkatu dituzte: ekonomia suspertzeko estrategia sortu (norabidea markatu); udalerrian dauden indarrak eta aukerak aprobetxatu (Soraluzek ez dituelako asko) eta plana landu, helburuak, baliabideak eta epeak zehaztuta, beste edozein enpresetan moduan.

Uste dute, bada, Soraluzeko ekonomiarekin zerbait egin behar dela, estrategia baten bidez, indarrak norabide jakin batean kontzentratuta eta lerrokatuta eta plan batekin egin behar dela hori guztia, gero hari segitzeko.

Laburbilduz, herritar talde horrek uste du Soraluzeko ekonomia pizteko aplikatu beharreko estrategia nagusia dela gazteak herrian mantendu egin behar direla, 18-40 urteko gazteak, hain zuzen. Eta aukerak ikusten dituzte bide hori lantzeko. Baina behin eta berriro azpimarratu zuten moduan, estrategia hori eurek aukeratu dutena da.

 

Udala gidari

Hausnarketa hori guztia, esandako moduan, udal korporazioari aurkeztu zioten atzo, jakin arren legegintzaldia amaitzear dela eta akaso maiatzaren 26ko hauteskundeen ondorengo udal korporazioa ez dela oraingo bera izango.

Herritar talde horren iritziz, baina, udal korporazioa osatzen duten alderdi bakoitzak buru berberak aurkeztu dituzte datozen udal hauteskundeetarako: Unai Larreategi, Iker Aldazabal eta Patricia Borinaga. Horregatik erabaki dute hausnarketa orain aurkeztea, gero, egoki ikusten badute, lanean ahalik eta lasterren hasteko. Izan ere, SEPP landu duen herritar taldeak uste du Udalak berak gidatu beharko lukeelako udalerriaren pizte ekonomikorako prozesua eta are gehiago, Udalarendako helburu nagusia izan beharko lukeela Soraluzeko ekonomia piztea.

"Herri guztiarena"

Behin SEPP aurkeztuta, Astiazaranek udal ordezkariei eskatu zien emandako zazpi orriko txostena birritan irakur dezatela; eta, besteak beste, azpimarratu zuen euren helburua dela laguntzea, ez besterik: “Ez gatoz inolako motorrik saltzera. Ez gatoz inor konbentzitzera (…) Taldeko inor ez dago zerrendetan. Gu laguntzeko gertu gaude. Ez ekimenetik tiratzeko, hori Udalak egin beharko luke. Soraluzeko ekonomia piztea Udalak helburu nagusitzat hartu beharko luke, eta korporazioa osatzen duten 11 zinegotziek sinistu beharko lukete horretan (…) Herri guztiaren proiektua izan behar da (…) Datorren talde berriak egin beharko luke bere bidea eta talde berriak estrategia ekonomikoa aukeratu beharko luke, berea egiteko. Gero plan estrategikoa garatu egin beharko luke eta planari jarraipena egin beharko liezaioke bi hiletik behin-edo eta gero martxan jarri”.

EHBilduko, EAJko zein PSE-EEko ordezkariek biziki eskertu zieten egindako lana, eta laburbilduz, aditzera eman zuten gaia aztertuko dutela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.