Basque Precision Technology District, Debabarreneko industria sektorearen marka aurkeztu dute

Ubane Madera 2018ko aza. 20a, 16:20
Administrazioetako, enpresetako eta erakundeetako ordezkariak gaurko aurkezpenean, Debegesan.

Debabarreneko industria sektorea bultzatzeko eta nazioarteko merkatuan industria-sarearen lehiakortasuna hobetzeko marka landu eta sortu dute: Basque Precision Technology District (BPTD). Gaur, martitzena, aurkeztu dute Debegesan, eta bertan izan dira Jaurlaritzako eta Diputazioko ordezkariak eta eskualdeko zortzi alkateak, Soraluzekoa tarteko. Eta izan dira ere eskualdeko industria enpresetako eta erakundeetako eragile ugari.

Basque Precision Technology District, BPTD. Izen hori duen marka berria aurkeztu dute gaur goizean Debegesan, Debabarreneko Garapen Agentziak Eibarren duen egoitzan. Haren helburua da Debabarreneko ekonomiaren hazkunde iraunkorra bultzatzea, industria sektorearen lehiakortasuna hobetuz, bai hemen bertan, bai Estatuan, eta bereziki, nazioarte mailan.

Elkarlana

Hiru ezaugarri nagusi ditu marka edo erreminta berriak: Debabarrena eskualdea eta berorren izaera industriala abiapuntu dituela eta Debabarreneko eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaren emaitza eta apustua dela, administrazioen eta enpresa industrialen arteko elkarlanarena, alegia.



Halaxe azpimarratu dute aurkezpen ekitaldian parte hartu duten ordezkariek: Juan Carlos Abascalek, Debegesako presidenteak; Alex Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak; Garikoitz Agotek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Juan Angel Balbasek, Debegesako zuzendari nagusiak. Haiekin batera ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Debabarreneko zortzi alkateek. Eta haien artean izan da Soraluzeko alkate Iker Aldazabal.



Hain justu, erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia, “denok elkarrekin” lan egitearen garrantzia azpimarratu du Alex Arriolak, SPRIko zuzendari nagusiak, “estrategia amankomuna jarraitzeko”.

Markaren garrantzia

“Espezializazioaren” garrantzia ere azpimarratu du hark, kasu honetan “automatizazioa eta robotika ardatz” izanda, enpresen balio erantsia handitzeko Eta azkenik, “berrikuntza ez teknologikoaren” garrantzia nabarmendu du Arriolak, markaren garrantzia, alegia: “Euskadin beti esan izan dugu oso onak garela gauzak egiten, baina ez horrenbeste saltzen” esan du, hortik marka izatearen garrantzia, “nazioarte mailan ezagun egin eta inbertsioak erakartzeko”, adierazi du SPRIko ordezkariak besteak beste.

Industriaren garrantzia

Garikoitz Agotek, berriz, Diputazioko ordezkariak “administrazio publikoek industriaren alde egiten duen apustu irmoa” azpimarratu du eta baita ere erakunde publikoen eta enpresen arteko elkarlana, “ezinbestekoa gure lurraldea posizionatzeko”. Horrekin batera, industria-sektorearen garrantzia nabarmentzeko datu esanguratsu batzuk helarazi ditu:

- Industriak Gipuzkoako BPGiren (Barne Produktu Gordinaren) %27a baino gehiago suposatzen du.  
- Esportazioen %99a.
- Debabarrenean industriak BPGiren %41,83a suposatzen du.
- 706 enpresa daude industriari lotuta.
- 9.500 lanpostutik gora.
- Oso ekosistema aberatsa.

Besteak beste, ekosistema horren parte dira bi teknologia zentro; lanbide heziketako sei zentro; ETE-entzako berrikuntzako eta transferentzia teknologikoko Asmaola zentroa, EHUren bi egoitza eta makina erremintaren edo automobilgintzako sektore laguntzailearen balio katearen industria-kontzentrazio garrantzitsua, hurbileko zerbitzu ona emateko eta edozein fabrikazio-proiekturi aurre egiteko aukera ematen duena. Eta horren guztiaren ondorio dira, berriz, Danobat Group, Etxetar Group, Orbea Jaz Zubiaurre eta eskualdeko beste enpresa mordoxka bat.

Horrez aparte, zehaztasuneko teknologietan aitzindariak diren enpresa asko daudela ere azpimarratu du Agotek; eta “nahi izan dugu hori guztia marka baten bitartez adierazi eta gure gaitasunak mundu osora zabaldu”, gaineratu du.

Industria bokazioa

Bukatzeko, Juan Angel Balbasek, Debegesako zuzendariak marka berria hausnarketa prozesu baten emaitza dela azpimarratu du, eskualdeko zortzi udalek sustatu duten hausnarketa prozesu baten emaitza, eskualde industriala izaten jarraitzearen aldeko ziurtasun osoarekin abiatutakoa, eta Debabarreneko 2020rako Garapen Iraunkorrerako Estrategiaren eta iaz burutu zen 2022ra arte jarraitu beharreko lerro estrategikoen berrikuspenaren ondoren datorrena. Hausnarketa honetan eragile publikoek eta pribatuek hartu dute parte. Juan Angel Balbasen azaldu duenez, ikuspuntu berbera izan dute abiapuntu: “Eskualdeak etorkizuna izango badu, industria-bokazioa indartzetik eta Euskadin eratzen ari diren garapen-gune ekonomiko eta sozialekin lotzetik etorriko da”.

100 enpresa

Gaur aurkeztu duten Basque Precision Technology District markaren baitan 25 bat enpresa daude oraingoz, baina 100 bat izatera iritsiko direla azpimarratu dute. Ekimenera batu nahi duen enpresak Debegesarekin harremanetan jarri besterik ez du, “doan da”, gaineratu dute. Hain zuzen ere, nabarmendu dute enpresak eurak direla marka berri honen “enbaxadorerik onenak”.

Marka berriarekin batera, www.bptd.eus webgunea aurkeztu dute; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Debabarreneko produkzio-baliabideak eta ahalmena erakusten ditu, Basque Precision Technology District modura.