Musika denontzat, ate irekiei esker

Ubane Madera 2019ko mai. 27a, 15:43

Soraluzeko Musika Eskolak ate irekien saioa egin zuen zapatuan, eskola barrutik ezagutzeko aukera emanez. Eta “jende dezente” hurreratu zen bertara, txikienetatik hasita, helduetaraino.

Erakusleihorik onena ekintzak direla jakinda, horixe berori egin zuten Musika Eskolako ikasleek zein irakasleek zapatuan: eskola bera zein Soraluzeko kaleak musikaz jantzi, erakusteko zelako fruituak ematen dituen musika eskolak.

Hori horrela, kalerik kale jardun zuten ikasleek, doinu alaiak baliatuta haizatuz. Eta eskolaren barruko aldean ere gauza bera egin zuten, baina kasu horretan, irakasleek John Lennon-en Imagine kantua ikusleen aurrean interpretatuz, besteak beste.

Trikitixa Eguna eta kontzertuak

Ate irekien saioa eginda, hitzorduz beteta agurtuko dute ikasturtea musika eskolan:

  • Bihartik aurrera, hainbat instrumenturen entzunaldiak egingo dituzte, gurasoak eta familiak gonbidatu dituztela.
  • Ekainaren 1ean (zapatu honetan) Debagoieneko Trikitixa Eguna izango da Soraluzen.
  • Ekainaren 12an, berriz, Nire lehen kontzertua eta Diplomadunen kontzertua egingo dituzte, musika eskolan bertan. Diplomadunen artean, tronpeta eta piano jole banak eta bi flauta-jolek eskainiko dute kontzertua, 18:30ean.
  • Ekainaren 19an, ikasturte amaierako kontzertua izango dute, Plaza Zaharrean, 18:30ean. Hor taldeka joko dituzte abestiak, abesbatzak, konboek eta musika tailerrekoek. Eta amaieran Sushi Dragoi Kosmikoa kantua interpretatuko dute guztiek batera.
  • Ekainaren 19ra bitartean zabalik dago matrikulazio epea. Besteak beste, datorren urtean helduendako eskaintza indartu nahi dute. Xehetasunak bertan klikatuta.
Erlazionatuak