Antolatzaile batzordekoen esanetan, “trikiti zaletasuna bultzatu eta ikasleei kalean jotzeko aukera eskaintzea” da Debagoieneko Trikitixa Egunaren helburua. “Berez, Debagoiena eskualdeko herrien topaketa da, baina Soraluzek urtero parte hartzen du topaketan, bestelako hainbat musika eta dantza ekimenetan parte hartzen duen moduan, harreman naturala da”.
Egun osoko egitaraua
Antolaketa batzordeak egun osoko egitaraua prestatu du ekainaren 1erako. Goiza hamaiketakoarekin hasiko dute eta kalean zehar kalejiran ibili eta gero, ekitaldi nagusia egingo dute plazan. Ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute kiroldegian eta arratsaldean konboek emanaldiak eskainiko ditutze. Amaitzeko, erromeria ere izango da Iratzar talearekin eta triki-poteoa kaleetan. Ekitaldiok, musika eskolako gurasoen eta herritarren artean antolatuko dituzte.
Debagoiena eta Baxenafarroatik
Topaketan 350 ikasle inguru batuko dira, horietatik 17, herrikoak. Gainerako gehienak Debagoieneko herrietatik etorriko dira: Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Antzuola, Bergara eta Elgetatik. Baina, debagoiendarrez gain, Baxenafarroako Donapaleu herritik ere etorriko dira beste hainbat -azken hauek, Baxenafarroako Amikuze bailaran bizi den Ilde Perez soraluzetarraren alaba den Laura Perez trikitilariaren bitartez-.