Denis Soriano Gipuzkoako txapeldun!

Ubane Madera 2019ko mar. 19a, 12:16
Denis Soriano zapatuan, Gipuzkoako txapelketan, Araxes ibaian. Argazkia: Denis Soriano.

Denis Soriano (Aramaio, 1986) da Gipuzkoako Izokin-kideen Harrapaketa txapelduna. Soraluzen bizi den aramaioarra gailendu zen Araxes ibaian, Lance arineko modalitatean. Gipuzkoako txapeldun moduan, Euskadiko txapelketa jokatuko du datorren asteburuan, eta apirilean Espainiakoa. "Oso pozik" dago orain arte lortutakoarekin.

“Oso pozik. Ez nuen espero, tramu ona tokatu zitzaidan, baina lehen mangan beste tramu bat kontrolatzea tokatu zitzaidan eta beste arrantzale hark 10 amuarrain harrapatu zituen, eta egundoko presioa sentitu nuen. Baina gero nire tramura joan eta ondo moldatu nintzen”, kontatu du Denis Soriano Gipuzkoako txapeldunak, asteburuko esperientziari buruz.  

29 amuarrain

Zapatuan jokatu zuen Gipuzkoako txapelketa, Araxes ibaian. Bi manga edo bi jardun izan zituen Denis Sorianok. Eta lehen postuan kokatu zen goizeko zein arratsaldeko jardunetan. Horri esker lortu zuen gainontzeko lehiakideei aurrea hartzea. Gainera amuarrain mordoa harrapatu zituen: 29. "Asko da, bai", aitortu du berak.

14 + 15 amuarrain harrapatuta, txapeldunordeak baino 9 gehiago lortu zituen soraluzetarrak. Azkenean, sailkapena honakoa izan zen: Denis Soriano, Aitor Madrazo, Ramon Garcia, David Iglesias eta Jose Luis Urkola.

Asteburuan Euskadikoa

Gipuzkoako txapela eskuratzeari esker, oraingo zapatuan, martxoaren 23an eta 24an Euskadiko txapelketa jokatuko du soraluzetarrak, Leitzaranen. Bertako sailkapenak erabakiko du zein arrantzalek ordezkatuko duen Euskadi 2020an jokatuko den Espainiako Lance txapelketan. “Zaila dago, maila altua dago”, dio Sorianok.

Apirilean Espainiakoa

Lehenago, baina, aurtengo Espainiako txapelketa jokatuko du apirilaren 4tik 7ra bitartean Asturiasen, beste sei bat lagunekin batera. Izan ere, 2018an Euskadiko txapelketa irabazi zuen Denis Sorianok eta horri esker Euskadiko ordezkarietako bat izango da bera.

Erlazionatuak