Datorren astean hasiko dira ‘Patria’ grabatzen

Ubane Madera 2019ko mar. 13a, 16:34

Ezustekorik ezean, datorren astearen erdialdera hasiko dira Patria telesaila grabatzen. Egunotan buru-belarri dihardute udalerriko erdigunea eraldatzen, 80.-90. hamarkadako herri baten itxura har dezan. Figurante izango diren herritarrak jantzi probak egiten ere hasita daude.  

Egunotan Soraluzeko erdigunea plato erraldoi bilakatzen dihardute, Patria telesailaren grabazioak egiten hasteko. Batetik, Santa Ana kaletik Plaza Zaharrerainoko tarte guztian, kolore gorria kendu eta beltzez margotu dute, Zubi Nagusia barne. Eta zubiko baranda ere “jantzi” egin dute, zaharrago baten itxura har dezan.

Farolak ere aldatu dituzte

Plaza Zaharreko farolak ere aldatu dituzte, modernoegiak direlako, eta haien ordez klasikoago batzuk ipini dituzte. Udaletxeko kontzejupeko arkuak ere “dekoratu” dituzte. Arku bi tapatu egin dituzte, bietako bati garaje itxura emanez, eta erdiko arkuan ate bat ipini dute. Eta, besteak beste, Bolian ere badihardute guztia grabazioetarako prestatzen.

Figurante modura agertuko direnetako herritar heldu askok joan den astean egin zituzten jantzi probak, eta gauza bera egingo dute gaur arratsaldean, eguaztena, umeek.

Azken ordukorik ez bada, datorren astearen erdialdera hasiko dira grabatzen.