250 bat lagun izan ziren ‘Patria’ telesailerako castingean, Soraluzen

Ubane Madera 2019ko ots. 1a, 12:00

“Pozik” dago Yael Moreno casting egilea atzo Batzokira bertaratu zen jende kopuruarekin, 250 lagun inguru. “Hala ere, gehiago behar ditugu. Batez ere jende gaztea. Anima daitezela castingetara”, adierazi du berriro. Atzokoan izan zen Cantabriatik Soraluzera etorri zenik ere. Gaur, berriz, 20:30ak arte izango dira Elgoibarren. Eta bihar umeen txanda izango da, Soraluzen.

Goizeko argazkia errepikatu egin zen atzo arratsaldeko castingean, Batzokian: jende asko bertaratu zen, adin eta itxura guztietakoak eta Soraluzetik zein kanpotik etorritakoak; guztira 250 lagun inguru.

“Jende asko etorri da, profil oneko jendea, gainera. Eta pozik gaude alde horretatik. Baina figurante asko behar ditugu, grabazioetarako erabat libre egongo direnak. Eta Soraluzeko eta Elgoibarko kasuetan, gainera, grabazioetan behin baino gehiagotan parte hartuko dutenak, “figurante finkoagoak”, zelanbait esatearren”, esplikatu du Yael Morenok, castingeko arduradunak.

Beste hiru casting

Hori horrela, egunotan Elgoibarren, Soraluzen zein Donostian egiten dabiltzan eta egingo dituzten probetara bertaratzeko animatu nahi ditu herrikideak. Hain justu, gaur Elgoibarren izango dira 20:30ak arte bertako Kultura etxean. Eta zapatuan, berriz, 16 urtetik beherako gazteendako eta umeendako castinga egingo dute Soraluzeko Batzokian, 10:30ean hasi eta 14:00ak arte.

Castingetara joateko ez dago aldez aurretik zertan izena eman behar, bertan ere egin daiteke hori-eta. Hori bai, helduen zein umeen kasuetan, bietan behar dituzte Nortasun Agiri propioak izan.  

Kantabriatik ere bai

Bitxikeria moduan, atzo arratsaldean, inguruko udalerrietakoez aparte (Eibar, Azkoitia…), Soraluzen izan ziren Kantabriatik etorritako hiru lagun ere, euren bizitzako “lehen” castingera etorri zirenak: “Ama (Nerea) Soraluzekoa dut, baina orain Laredon bizi naiz. Han antzerki tailer batean nabil, eta neu eta Kevin eta Aaron etorri gara Laredotik, Gamatik eta Ampuerotik castinga egitera. Lehenago ere telebistako erreportajeren batean ibilitakoak gara. Baina hau da gure lehen castinga”.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.