Lagun ugari, ‘Patria’ telesailaren castingerako

Ubane Madera 2019ko urt. 31a, 12:20

Herritar eta kanpotar ugari bertaratu da 10:30erako Batzokira, ‘Patria’ telesailerako castingean parte hartzeko. Gaur 19:30ak arte jardungo dute castinga egiten Soraluzen, eta zapatuan umeen txanda izango da. “Euskal itxurako” jendea behar dute, “jende gaztea” bereziki. 1.000 figurante pasa kontratatu behar dituzte eta eguneko jardunarengatik 50 euroko ordainsaria emango dute, kontratu eta guzti.

Ikusmira eta interes handia eragin du ‘Patria’ telesaila grabatzeko gaur Soraluzen egiten hasi diren figurante castingak. Horren erakusle, soraluzetarrez aparte, Batzokira bertaratu dira Gipuzkoatik, Arabatik zein Bizkaitik etorritako pertsonak.

60-70 lagun inguru elkartu dira lehen ordurako ja, eta lehen txanda pasatzen zebilen bitartean, Batzokiaren tabernan dagoeneko jende gehiagorekin ilara sortu da. Adibide batzuk ipintze aldera, hainbat eibartar etorri dira, arrasatearrak ere bai, antzuolarrak, lekeitiar batzuk, gasteiztarrak… eta Barakaldotik etorri denik ere izan da.

Yael Morenok, casting arduradunak figurante izateak zer dakarren esplikatu die guztiei, argazki probak egiten hasi aurretik. Adibidez, jakinarazi die 50 euro garbi kobratuko dutela 8 orduko errodaje egun batengatik (9 ordu, bazkaria barne) eta alta emango dietela gizarte segurantzan.

Eta baita ere, figuranteetako batzuk egun batean baino gehiagoan lan egiteko kontratatuko dituztela. Zentzu horretan esplikatu du jarraikortasun handiagoa izan ahal duela, esaterako, Soraluzeko jendeak, “bertan grabatu behar dugulako”, adierazi du Morenok. “Talde txiki bat beharko dugu egun gehiagotan grabatzeko, adibidez, 5-9… egunerako. Baina oraindik ez daukagu kopuruei eta datei buruzko informaziorik”, gaineratu du.

Jakinarazi die ere, behin figurante izateko hartuz gero, norbera erabat libre egon behar dela grabazioetarako, posible delako adibidez, goizaldeko 04:00etan hastea grabazioekin; edo gauez egitea.

Eta zela ez, jakinarazi die ‘Patria’ telesailak kontatuko duen istorioa 80ko hamarkadaren amaieran 90eko hamarkadaren hasieran kokatzen denez, orduko janzkerak eta orrazkerak eraman beharko dituztela. Zentzu horretan eta bitxikeria modura, adibidez, emakume helduen kasuan, tindatu bako orrazkerak eta melena motzak izan beharko dituzte grabazioetarako.

"Aukera aparta"

Zailtasunak esplikatu dizkie, argi eta garbi, Yael Morenok, “halakoak ondo” jakin behar dituztelako, haren esanetan. Baina horrekin batera, azpimarratu du ere halako esperientzia batek duen erakargarritasuna.

“Zenbat bider dator halako produkzio bat etxepera? Halako errodaje bat? Aukera aparta da esperientzia hau bizitzea, eta guk gomendatzen dugu, nahiz eta egun baterako izan. Hori bai, jakin behar duzue zelakoa den lan hau. Errodajeak dira, adibidez, luze-luzeak, ordu asko itxaron behar izaten da… pazientzia handia eta ilusio eta gogo handia behar dira. Akaso hotza pasatuko dugu, ze janzkerak ez datoz bat momentu horretan dagoen tenperaturarekin… Eta ez dugu mugikorrik erabiltzen lagako grabazioetan (barre)”.

Jende asko

Behin dena azalduta, argazki saioarekin hasi da. Gaur halaxe jardungo dute 19:30ak arte, eta zapatuan, berriro ere etorriko dira, 16 urtetik beherako umeei castinga egitera.  Atzo, berriz, Elgoibarren izan ziren eta Morenok esandakoaren arabera, 100 lagun pasa bertaratu ziren. Bihar, barikua, ere Elgoibarren segituko du castingak.

Casting egileak azpimarratu du "jende asko" behar dutela, beraz, izena emanda ala izena eman gabe ere, animatzeko eta bertaratzeko.