'Patria' grabatzeko lanak aurrera doaz

Ubane Madera 2019ko ots. 27a, 08:00
'Patria' liburuaren azalaren erreplika. Argazkia: Fernan Oregi.

Errabaleko obrek atzeratu egin dute Patriaren grabazioa, nahiz eta udalak aldez aurretik eman zien haien berri. Kontuak kontu, egin dituzte figurante casting-ak, hasi dira kokalekuak 80.-90. hamarkadetara eraldatzeko dekoratuak eraikitzen eta zuzendaria behin baino gehiagotan bertaratu da. 

Atzerapenarekin bada ere, badirudi laster hasiko direla Patria telesaila grabatzen. Ikus-entzunezkoaren produktorea den Alea Media-tik esan dutenez, grabazio-plana atzeratu egin zaie, Errabaleko obrengatik. “Guztia berregituratzen gabiltza. Obrak eragozpena izan dira. Egunetik egunera joango gara zer egin erabakitzen, obren aurrerapausoen arabera. Badirudi bide onetik doazela, eta ea ez den konplikaziorik azaltzen. Obren erabat menpe gaude. Hala ere, hasierako planarekin aurrera segitzen dugu, eta bagabiltza (Soraluzen) hainbat lan egiten”.

Horren erakusle, asteotan sarriago izan dira Soraluze bisitatzen Patria telesailaren grabazioekin lotutako hainbat lan-talde. Esaterako, Felix Viscarret zuzendaria eta haren lan-taldea behin baino gehiagotan bertaratu dira. Lokalizazioen lantaldea , ostera, aspalditik dabil batera eta bestera, eta Txurrukeneko garaje batean dekoratuak eraikitzen dabiltzala ere jakinekoa da.

Zuzendarietako bat kalera

Batetik, Errabaleko obren eragozpenarekin topo egin dute, bada, Patria telesailaren grabazioek. Bestetik, jakinekoa da bestelako eragozpen handi batekin ere egin duela topo proiektuak: hasieran lanean ibili behar ziren bi zuzendarietako bat, Pablo Trapero bota egin zuten, eta, oraingoz, ez da haren ordezkoaren gaineko informaziorik argitaratu. Gauzak horrela, eta hasierako asmoak atzeratuta, ez dute Soraluzeko grabazioetarako datarik zehaztu.

HBO Españako Streaming Plataformako Komunikazio sailetik ez dute batere informaziorik helarazi. Oraindik ez dute ezta konfirmatu ere egin Soraluzen grabaketarik egingo denik. Diotenez, “proiektu bizia da telesailaren grabazioa; beraz, egunetik egunera aldaketak egon daitezke. Oraindik ez dago ezer zehaztuta”.

Herritar ugari castingetan

Kontuak kontu, castingak egin zituzten Batzokian: urtarrilaren 31n helduena eta otsailaren 1ean ume eta gazteena. 250 heldu bertaratu ziren; umeenean, berriz, saioa 14:00etan bukatu beharrean, 15:30ak aldera bukatu zen; Batzokia gainezka izan zen une batzuetan.

Yael Moreno casting arduradunak Soraluzeko probetan esplikatu zuenez, figurante gehienak grabazio bakarrerako kontratatuko dituzte, baina izango dira batzuk gehiagotarako hartuko dituztenak. Esplikatu zuen jarraikortasun handiagoa izan ahal duela Soraluzeko jendeak, “bertan grabatu behar dugulako” (…) Talde txiki bat beharko dugu egun gehiagotan grabatzeko, adibidez, 5-9… egunerako. Baina oraindik ez daukagu kopuruei eta datei buruzko informaziorik”. Soraluzeko castingez gainera, figuranteak hartzeko probak egin zituzten Elgoibarren eta baita Donostian ere; izan ere, 1.000 figurante pasa kontratatu behar dituzte. Eta Pil-pilean herri komunikabideak jakin duenez, castinga egin zuten hainbat lagun hasi dira erantzunak jasotzen.

Non grabatu

Bestalde, castingak egiteaz gain, lokalizazioak ikuskatzen ari dira aspalditik. Pil-pileanek jakin duenez, liburuko atentatua Zubi Nagusian grabatu nahi dute, eta bertarako dekoratu zati bat probatzen ere ibili dira (argazkian). Horrez aparte, besteak beste, Zubi Nagusiko Ramon Lizarazu harategiarekiko interesa erakutsi dute, Ezoziko etorbideko hainbat atari aztertzen ibili dira, Pascual Churruca lantegiarekiko ere erakutsi zuten interesa eta apaiz-etxea ere aztertu dute, nahiz eta baztertu egin duten aukera hori, Luis abadeak esan duenez: “Dena begiratu zuten, baina ez zen egokitzen euren beharretara; azkenean esan zidaten kanpoko grabazioak hemen egingo zituztela, baina etxebizitza barrutik irudikatzekoak estudio batean grabatuko dituztela".

Bolia eta Batzokia gustuko

Bi tabernagatik erakutsi dute interesa. Batetik, liburuko Arrano taberna irudikatzeko Bolia gustuko dute. Mireia Gabilondok hauxe kontatu digu: “Joan den astean (otsailaren erdialdean) egon ziren 15 bat lagun argazkiak-eta ateratzen, eta esan zidaten grabatzen hasiko zirela martxoko hirugarren astean, baina ez dakitela hasiko diren Donostian edo Soraluzen. Denboraz abisatuko zutela, eta maiatza-ekainerako bukatuta egongo zela”.

Batzokia ere gustuko dute, liburuko bigarren taberna nagusia irudikatzeko eta baita bestelakoetarako ere. Jon Basaurik kontatu duenez, “Taberna gustatu zaie nobelako Pagoeta taberna izateko. Esan ziguten lau egun beharko zituztela taberna 80-90. hamarkadako itxurara egokitzen, eta errodajea hiru bat egunekoa izango zela. Horrez aparte, txistularien eta abesbatzaren entsegu gelak ere interesatzen zaizkie, gauzak gordetzeko, margotze-lanetarako eta abar. Baina ez dute beste ezer zehaztu, ez datak eta ezta kontu ekonomikoak ere. Gutxi gorabeherako kalkuluak egiteko eskatu digute, baina besterik ez”.

Antzerako informazioa helarazi diote Mireia Gabilondori. Hau da, taberna lehenengo itxuraldatu egin beharko dutela, gero grabazioak egin eta azkenik guztia lehengo moduan laga. Boliaren kasuan, antza, oraindik kontu ekonomikoak lotzeke dituzte.

Era guztietako iritziak

Patria Soraluzen grabatzeak aldeko zein kontrako iritziak eragin ditu. Castingean izan ziren herritarrak, adibidez, ilusioz bertaratu ziren, grabazioak bertatik bertara ikusi eta halako zerbaitetan parte hartzea “esperientzia berri interesgarria” izan daitekeelakoan. Arrazoi ekonomikoengatik ere bertaratu zen bat baino gehiago, ze kontratua eta ordainsaria emango diote figurante bakoitzari: 50 euro grabazio eguneko. Eta jakina, beste barik telebistan azaltzearen ilusioarekin bertaratu ziren beste asko, umeak batik bat.

Maila politikoari dagokionez, berriz, denetarikoak dira iritziak. Izan ere, Euskal Herriko gatazka politikoa eta haren bueltan garatu zen borroka armatua da eleberriaren istorioaren ardatza.

Birritan izan dute gaia aztergai Soraluzeko Udalean. Udalerrian grabazioak egiteko baimena eskatu zuten udazkenean, eta baiezkoa eskuratu zuten, alderdi politikoen adostasunarekin.

Otsailean, berriz ere, mahai gainean izan dute gaia. Oraingoan, Errabaleko obren harira, haiek Zubi Nagusian egin beharreko grabazioetarako eragozpen zirela jakinarazi zioten-eta Udal Gobernuari, nahiz eta grabazioetako arduradunek obren berri lehenagotik izan.

Hori horrela, udal ordezkariek eta Errabaleko obren arduradunek egoera aztertu, eta obrei dagozkien lanik potoloenak, zehazki Zubi Nagusiari dagozkionak bizkortu eta ingurua grabazioak egiteko moduan lagatzeko aukera ikusita, lan horiek bizkortu eta aurrera egitea erabaki zuten. Gero, grabazioek iraun bitartean etena egingo dute obretan, eta haiek amaitzean egingo dituzte erremate-lanak.

Telesailaren grabazioek udalerrira ekarriko duten "onura ekonomikoa" erabakigarria izan zen Udal Gobernuaren erabakian. “Castingera joan ziren herritar haiek guztiak kontratatzeaz aparte, grabaketek 120 laguneko lan-taldea ekarriko dute. Horiek bertan hartu beharko dute kafea, bazkaldu… Gainera, kontratatu dute, adibidez, Soraluzeko enpresa bat garbiketak egiteko, hainbat eraikin-etxe-lokal alokatuko dituzte… Hori oso garrantzitsua da gurea moduko egoera ekonomiko zaila bizi duen udalerri batendako”.

Sortuk, berriz, zalantzan jarri du “poztekoa” denik telesaila herrian grabatzea. “Soraluze aukeratu dute 90. hamarkadako herri delako, zahar itxurakoa. Eta poztu egin behar dugu horregatik? (…) Gainera, orain, seriea grabatuko duen produktorak agintzen du Errabalen egiten ari diren obretan. Nahieran luzatu dituzte obren epeak eta euren esanetara moldatu”. Bestalde, uste dute Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizuna “alde baten ikuspuntutik bakarrik” egiten duela nobelak, eta diote beharrezkoa dela “kontakizuna denon artean eta errespetuz egitea“eta ez euren burua biktima eta irabazle bakartzat dutenen gustura. Hemen ez dago ez irabazlerik eta ez galtzailerik, baizik eta alde askotako sufrimendua (...)”.

EHBilduri dagokionez, Patriaren istorioarekiko iritziaren gainetik "adierazpen askatasuna lehenetsita herrian horrelako grabaketa bat egiteko jasotako eskaerari” ezetzik ez ematea erabaki zuten. Eta balizko onura ekonomikoak aparte lagata, herritarrendako “informazioa garbi azaltzea” eskatzen dute, hau da: “ Errabaleko obra maiatzean bukatu beharrean uztailean bukatuko dela argi esatea, hain zuzen ere Patriakoek obra erdian eten bat egitea eskatu dutelako; edota Errebaleko obretan egin beharreko moldaketen gainkostuak Patriakoek ordainduko dituzten arren, Udalak ez duela inolako dirusaririk jasoko obra moldatzeagatik, eta Udalak aurreikusitako diru kopuru bera gastatu beharko duela Errabalen".

EAri dagokionez, berriz, Bolia erabiltzeko baimena eman du, zalantzak izan arren: “Nahiz eta duda handiak izan jakinda nola erabil daitekeen pelikula (liburua eskuin muturrak hala erabili zuen) azkenean pentsatu genuen film hutsa dela, eta ez genekiela nola geratuko den pelikula, gidoia irakurri gabe, parte bateko errelatua sendotuko duela dirudien arren. Baina beste alde batetik, bada garaia errelatu guztiak plazaratzeko naturaltasun osoz. Eta ez Asier ETA Biok dokumentalarekin gertatu zen moduan, orduan egundoko eraso mediatikoa izan zuen filmak eta aktoreak betatu egin zituzten. Hori behingoz gainditu egin behar da, aktoreak euskaldunak dira, bertako askok egingo dute lan eta gure herria azalduko da. Azken batean filma da. Horri emango zaion erabilera politikoa ez dago gure esku. Baina guk ere gure bidea egin behar dugu”.