Karakate igoko dutela baieztatu dute Itzuliaren aurkezpenean

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 28a, 11:04

Atzo aurkeztu zuten aurtengo Euskal Herriko Itzulia, Zumarragan, eta bertan baieztatu zuten azken etapan, txirrindulariek Karakateko portua igo beharko dutela. Ikus EiTBk Karakterako igoeraz egin duen bideoa.

Zumarragan aurkeztu zuten atzo aurtengo edizioa, han hasiko baita aurtengo ekitaldia, apirilaren 8an, hain zuzen, 11,3 kilometroko erlojupeko batekin, aspaldiko partez.

Amaiera, berriz, Eibarren izango du Itzuliak eta Eibarrera bidean pasatuko da Karakatetik (5,2 km eta %8,5). Azken eguneko etapak hirugarren mailako hiru gain, bigarren mailako bat eta lehenengo mailako bi igaroko ditu. Lehen mailako portuetako bat izango da Karakatekoa.

Denera, 784,3 kilometro izango ditu Itzuliak, eta 22 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: lehen mailako bost, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hamabost.

Gorabehera handiko profila dela aitortu dute antolatzaileek eta espero dute lehia zirraragarria izatea lasterketak iraungo duen sei egunetan zehar. Bestalde, iragarri dute, gonbidatuen artean, iazko txapelduna izandako Primoz Roglic eslobeniarra izango dela. 

Erlazionatuak