Itzuliko azken etapa Soraluzen sartuko da

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 7a, 10:21
Iazko Itzulia. /Argazkia: Itzulia.eus.

Apirilaren 13an, Itzuliaren azken etapan, txirrindulariek Ezozi auzoko aldapak igo beharko dituzte San Andres auzoko bidegurutzera arte. Itzuli osoko igoerarik gogorrenetakoa izango da.

Txirrindulariek, osorik ez bada ere, “Karakateko portua” deitu diotena igo beharko dute. Herrira Maltzagatik barrena helduko dira, eta gero, Ezozi auzoko hormigoizko bidean gora joan beharko dute, Kiruetako bidegurutzera heldu arte. Handik, San Andres auzoan behera bajatuko dira, ostean, Bergara alderantz joateko.    

Igoera “erabakiorra”

Iñaki Amuategi txirrinduzalearen ustez, Karakateko portuaren igoera “erabakiorra” izan daiteke Itzulian. “Ezoziko maldak oso gogorrak dira, bidea estua da eta hormigoizkoa gainera. Aproposa da ihesaldietarako, eta kontuan hartuta itzuliko azken etapa izango dela, igoera horrek joku handia eman dezake”.

Erakargarria zaletuendako

Iñaki Amuategireren ustez, Itzulia herritik pasatzea “kristona” da eta Ezoziko bidearen ezaugarriak ikusita, pentsatzen du zaletu asko pilatu litezkeela bide ertzetan. “Jendeak maldarik gogorrenak aukeratzen ditu proba ikusteko eta Ezozikoa itzuli osoko gogorrenetakoa izango da. Gainera, zapatua da, azken etapa… Horregatik, baliteke datozen asteetan herrira jende asko etortzea, bizikletarekin ibilbidea probatzera edo, besterik gabe, igoera ezagutzera”.  

Oharra: Datozen egunetan, Plaentxia.eus-ek jarraipen berezia egingo dio gaiari.