Txiki geratu da Batzokia umeen castingean

Ubane Madera 2019ko ots. 2a, 14:10

Batzokiko taberna txiki geratu da goiz-eguerdi partean Patria telesailerako castinga dela-eta. Umeen txanda izan da gaur, 16 urtetik beherakoak hartzeko egin duten proba bakarra; eta igarri egin da hori, Batzoki kanporainoko ilara sortzeraino. 15 hilabetetik hasi eta 16-17 urte bitarteko gazteetaraino, denetik bertaratu da Soraluzera.

Helduenak baino gehiago luzatu dira gaur, zapatua, Patria telesailerako umeen casting-ak, bereziki, hasierako azalpenen ondorioz, adinez txikikoekin kontu berezia izan behar delako. Kontuak kontu, pazientziaz hartu eta ordu eta erdiz-pare bat orduz luzatu dira ume eta guraso talde bakoitzari egindako saioak. 14:00etan zuten bukatzeko ordua, baina ordu horretan oraindik argazkiak ateratzen ziharduten.

15 hilabete-17 urte

Izan ere, helduenen castingean moduan, umeenean ere kopuru handia bertaratu da Batzokira, goizeko lehen ordutik: Bergarako, Elgoibarko, Markinako, Arrasateko, Oñatiko, Santurtziko…  eta jakina, Soraluzeko familia ugari.

Hain justu, 15 hilabete zituen umetxo donostiarra izan da castingean izan den gazteena, eta 17 urteko oñatiarra, berriz, “nagusiena”. Hortxe erdian, denetariko adineko neska-mutikoek parte hartu dute.

Hemen ingurukoak eginda, bada, Donostian egin dituzte castingetarako hurrengo hitzorduak Yael Moreno Casting enpresakoek: Victoria Eugenia Antzokian izango dira, martitzenean, eguaztenean eta eguenean, 10:30etik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:30ak arte.