Asteburuan Etxaburueta kalea itxita zirkulaziorako

Ubane Madera 2019ko urt. 11a, 15:22

Etxaburueta kalea.

Soraluzeko Udalak jakinarazi du asteburuan itxi egingo dutela Etxaburueta kalea zirkulaziorako. Hain justu ere, bihar zapatua 13:00etan itxiko dute. Ibilgailuendako beste ibilbide alternatibo bat badagoela kontuan hartuta, oinezkoen erabilerarako lagako dute udaletxetik gorako kale zatia.

Bihar, zapatua 13:00etan itxi egingo dute Etxaburueta kalea zirkulaziorako, Erregetxera bitartean. Eta horrelaxe izango da asteburu osoan. Erabaki hori hartu du Soraluzeko Udalak kontuan hartuta ibilgailuendako badagoela beste ibilbide alternatibo bat: Santa Ana kaletik Kalebarrenen barrena eta Gabolatseko zubitik ateratzeko.

Modu horretan, itxiko duten Etxaburuetako kale zati hori oinezkoendako eta tabernetako terrazak jartzeko erabili ahalko da.

Seinaleak egokitzen

Hortik aparte, udalerrian izandako zirkulazioaren aldaketen bigarren eguna ere normal antzean joan da. Lehen egunean antzeman zituzten gabeziak hobetzen jardun dute gaur, eta seinaletika egokitzapenak egin dituzte, batez ere. Iker Aldazabal alkateak adierazi duenez, datozen egunotan ere atzematen dituzten edo herritarrek jakinarazten dizkieten hutsuneak konpontzen joango dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.