Arduratuta zegoen herritar bat baino gehiago gaurko egunari begira, Errabaleko obrek eragindako zirkulazioaren berrantolaketa dela-eta. Hala ere, uste baino errazago gauzatu da guztia, eta ez da aparteko intzidentziarik gertatu.
Batzuk Errabaletik
Hori bai, goizeko lehen orduetan ibilgailu batek baino gehiagok aprobetxatu du obrak hasi barik zeudela Errabal kaletik pasatzeko, nahiz eta kalea itxita dagoela abisatzen duen seinalea ipinita egon.
Eta gauza bera gertatu da hainbat autobus zerbitzurekin, Soraluzeko udal ordezkarien haserrerako. Izan ere, Soraluzeko udal ordezkariek emanda zuten autobus zerbitzu guztiei obren eta haien eraginen berri. Eta Lurraldebusen zein Pesaren web orrietan iragarrita zeuden Soraluzeko autobus geltokien aldaketak urtarrilaren 8tik.
Bateria lapurtuta
Horrez aparte, ezustekoa izan da Estazioko parkeko semaforoarekin, haren bateria lapurtu dute-eta gauean. Berria ipini bitartean (09:00etarako ipini dute), eskuz bideratu dute zirkulazioa udaltzainek.
Gainontzean, dena normal joan da. Gogoan izan beharra dago, hori bai, gaur arratsaldetik udalerriko erdigunea ez dela oinezkoendako bakarrik izango, ibilgailuendako ere zabalik izango delako.
Urak lehentasun
Obrei dagokienez, uren hodien sareekin hasi dira lanean, Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez. Izan ere, ur-zikinen eta euri-uren sareak berritu egin behar dituzte. Baina kalea zulatzen hasi eta inor ur barik lagatzeko arriskua tarteko, beste ezer baino lehen bypassa egin dute, ur guztiak bideratzeko. Datozen orduotan, berriz, gainontzeko obra guneak mugatzen jardungo dute.