Urtarrilaren 10ean hasiko dira Errabaleko lanak

Ubane Madera 2019ko urt. 4a, 15:08
Errabal kalean botako dituzten etxeak.

Datorren asteko eguenean, urtarrilaren 10ean hasiko dira Errabal kaleko urbanizazio obrak. Kale horren 12. eta 29. atarien artean zorua altxatu, uren azpiegiturak egokitu, eta atzera ere tapatuko dute. Behin tapatuta, plataforma bakarreko tramua egokituko dute, erdigunekoa modukoa. Hori guztia egiteko, obrek irauten duten bitartean, Errabal itxita egongo da. Eta horrek aldaketa handiak ekarriko ditu, bereziki, zirkulazioan eta autobus zerbitzuetan.

Datorren astean, udalerriko zirkulazio nagusia hartzen duen errepidearen zati bat itxita izango da datozen hilabeteotarako, obrengatik. Eta horrek aldaketa handiak ekarriko ditu, bereziki, zirkulazioan eta autobus zerbitzuetan. Datorren asteko eguaztenean, hilaren 9an hasiko dira guztia gertu lagatzen, eguenean obrak has ditzaten.

Zirkulazioa, aparkalekuak eta edukiontziak

Lau puntutan, honako aldaketak nabarmendu ditu Soraluzeko Udalak:

  • 1- Errekalde, Atxuri eta Errabal kaleek bi noranzko izango dute, semaforoek erregulatuta.
  • 2- Baltegieta kaleko garajeen sarrera Santa Ana edo Estaziño kaleetatik egin beharko da. Bestalde, Baltegietako edukiontziak 30 metro beherantz lekualdatuko dituzte.
  • 3- Erdigunea egun osoz izango da zirkulaziorako zabalik. Bestalde, Zubi Nagusiko lurrazpiko edukiontziak ezin izango dira erabili, eta haien ordez, ohikoak ipiniko dituzte, taxiaren aparkaleku inguruan.
  • 4- Semaforoak ipiniko dituzte honako puntuetan ere: Ezozibidean, Arraikuan, Estaziñoan eta Olan. Ze kale horiek ere bi noranzko izango dute. Hori horrela, Olako aldapan aparkatuta dauden ibilgailuak eguaztenerako erretiratu egin beharko dira, 18:00etarako. Bestalde, bidegorri sarreratik bidegorri hasierako etxeetarainoko tramuan aparkalekuak ahalbidetuko dira.

Autobusak

Autobus zerbitzuei dagokienez, berriz, Eibarrera doazenak Errekalde kalean geldituko dira, betiko moduan. Eta gero handik Ola auzora egin eta handik sartuko dira herrira. Eta Estaziñoan zein Ezozibideko 14. zenbakiaren parean izango dituzte geltokiak. Donostiara doazen autobusak, berriz, bakarrik Estaziñoan geldituko dira.

Mendaroko autobusa

Eta Mendaroko ospitalerako autobusari dagokionez, lau geraleku izango ditu: Sagarrerreka, Ezozibide, Estaziño eta Olako zubia. Behin Olako zubian bidaiari guztiak hartuta, Errekaldetik joango da errepidera, eta GI-627-ko biribilgune berrian buelta hartuta abiatuko da Mendarorantz.


Erlazionatuak