Urtarrilean hasiko dituzte Errabaleko obrak

Ubane Madera 2018ko aza. 23a, 10:57

Udal ordezkariak eta teknikariak Errabaleko obren gaineko azalpenak ematen, atzo eguena.

Urtarrilean hasi eta gutxienez bost hilabetez jardungo dute obretan Errabal kalean. Zorua altxatu, uren azpiegiturak egokitu, eta atzera ere tapatuko dute Errabaleko 12. eta 29. atarien arteko zatia. Behin tapatuta, plataforma bakarreko tramua egokituko dute, erdigunekoa modukoa. Eta obrek iraun artean, zirkulazioa Estaziñotik eta herri barrutik bideratuko dute, eta autobusek Estaziñoan izango dute geraleku nagusia.

Atzo, eguena, Herriko Antzokia ia herritarrez beteta zela helarazi zituzten Errabal kaleko obrekin lotutako xehetasun guztiak. Informazioa ematen izan ziren Iker Aldazabal alkatea, Gotzon Odriozola udaltzainburua, Iñaki Rubio Obretako batzordeburua, Xabier Rezabal arkitektoa eta Aitor Jauregi Larrañaga aparejadorea.

Uren azpiegiturak

Laburbilduz, jakinarazi zuten urtarrilean hasiko dituztela obrak, Errabaleko 12. eta 29. atarien artean. “Errege ostean, seguru aski”, esan zuen alkateak. Bost hilabetez jardungo dute lanean, “gutxienez”, behin eta berriro azpimarratu zuten moduan. Izan ere, kale azpitik azpiegitura asko pasatzen dira (argindarra, gasa, urak…), eta gerta liteke lanak zailtzea, eta ondorioz, luzatzea.

Zer egingo duten

162.000 euroko inbertsioarekin, ondorengo lanak egingo dituzte:

  • Gipuzkoako Urak partzuergoarekin elkarlanean, ur azpiegiturak egokitu: ur zikinak eta euri urak banandu.
  • Kalea plataforma bakarrean ipini, erdigunea dagoen modura. Lehentasuna izan dezaten oinezkoek. Modu horretan konponbidea eman nahi diote Errabal kaleko 12. eta 29. atarien arteko espaloi zein galtzada estuek eragiten duten leku faltari.
  • Zubi Nagusiko piboteak lekuz aldatuko dituzte eta errepidetik gertuago ipini; gaur egun piboteen aurrean ibilgailuak aparkatzen dituzte eta horri konponbidea eman nahi diote.
  • Errabal kaleko 14. eta 16. zenbakiko etxebizitzak bota egingo dituzte.
  • Etorkizuneko autobus geltokia Baltegietan, kiroldegiko eskailerape parean egokituko dute.

Zirkulazioa herri barrutik

Obrek irauten duten bitartean kalearen zati hori itxita izango denez, ibilgailuen zirkulazioa herri barrutik bideratuko dute. Estaziñoa kaleak bi noranzko izango ditu, hain zuzen. Eta Santa Ana kaletik sartu ahal izango da herri barrura eta gero Etxaburuetatik gora egin. Hori guztia bideratzeko semaforoak baliatuko dituzte. Honelaxe:

  • Semaforo bat ipiniko dute Olako aldapan; espaloitik bidegorrira joateko zebrabidea baino lehen.
  • Beste semaforo bat ipiniko dute Estaziño kaleko parke ondoan.
  • Beste bat, Arraikuan, Etxaburueta kalerako bidegurutzean.
  • Beste bat Ezoziko biribilgune inguruan.
  • Eta horien guztien artean ere semaforo gehiago izango dira, inguruan aparkatuta dauden ibilgailuendako edo inguruko kaleen zirkulaziorako; adibidez, Mesedeetako egoitzako aldapan ipiniko dute semaforo bat.

Hiru autobus geraleku

Autobusei dagokienez, berriz, Estaziñoan izango dute geraleku nagusia. Hortik aparte, Errekaldeko geralekuak bere horretan segituko du eta egokituko dute beste geraleku bat bat Ezozibidearen 14. zenbaki parean, lehenago egon zen leku berean, Eibarrera doazen autobusendako.

Eta besteak beste, Olako aldapako aparkalekuak kendu egingo dituzte, eta aukera emango dute, berriz, bidegorriko lehen etxera bitartean aparkatzeko.

Debate handia

Hori guztia azaldu eta gero, bertaratu ziren herritarrei galderak egiteko aukera eman zieten, eta debate handia sortu zen; ez obregaitik, baizik eta Errabaleko autobus geralekuaren aldaketagatik. Laburbilduz, berba egin zuten gehienek defendatu zuten autobus geltokia Zubi Nagusian egokiago legokeela Baltegietan baino. (Segi irakurtzen).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.