Debate handia autobus geltokiaren harira

Ubane Madera 2018ko aza. 23a, 11:29
Antzokia ia beteta, Errabaleko obren gaineko atzoko batzarrean.

Errabaleko obren gaineko atzoko batzarrean, Errabaletik Baltegietara egin behar duten autobus geltoki aldaketak eragin zituen herritarren kritikarik handienak. Berba egin zuten ia guztiek defendatu zuten autobus geltokiarendako lekurik aproposena dela Zubi Nagusia. Iker Aldazabal alkateak, berriz, behin eta berriro azpimarratu zuen “euren apustua” dela geltokia Baltegietan kokatzea, eta beti izan dela horrela.

Bi ordu iraun zituen atzo Herriko Antzokiko batzarrak. Izan ere, Errabaleko obrei buruzko xehetasunen ondoren, hainbat puntuk herritarren kritikak eragin zituzten. Debaterik handia, baina, autobus geltokiak izango duen kokaleku berriak eragin zuen.

Geltokia Baltegietara

Laburbilduz, udal ordezkariek gogora ekarri zuten Baltegietara lekualdatu behar dutela Errabaleko geltokia, kiroldegiko eskailerape parera, hain justu; eta gaur egun SAPAren sarrera nagusian dagoena, berriz, lehenagoko Ekonomato parera eramango dutela.

Zubi Nagusian nahi

Herritar askok, berriz, euren desadostasuna helarazi zuten erabaki horrekiko, adierazita geltokia lekuz aldatu behar bada, harendako kokalekurik egokiena dela Zubi Nagusia, “bizitza guztian egon den modura”, esan zuen, adibidez, Lupek.

Ildo beretik, batek baino gehiagok eskatu zuten autobus geltokia Zubi Nagusian ipintzea, han dauden lurrazpiko edukiontziak tapatuta, markesina ipinita eta autobusak sartzeko espaloia egokituta. “Beste edozein alternatiba baino seguruagoa da hori, ze horrela herritarrek ez dute zertan errepide nazionalera irten beharko autobus geltokira joateko”, esan zuen Begoñak.

Txurrukenekoak kaltetuta

“Eman dituzuen datu guztien arabera, seguru herriaren onerako dela geltokia Baltegietan ipintzea, baina ez duzue kontuan izan garraio publikoaren erabiltzaileen iritzia. Hemen ikusi den moduan, herriak geltokia Gilan nahi du. Hemengo (Soraluzeko) egoerak bultzatzen du ibilgailu pribatua erabiltzera. ”, kritikatu zuen Anak, eta hark gaineratu zuen Txurrukeneko erabiltzaileak kaltetzen dituela bereziki geltokiaren kokaleku berriak.

Herritarren ekarpen barik

“Ez da asko pentsatu autobusen erabiltzaileengan”, egin zuen bat Martinek. Eta hark babestu egin zuen ere Jokinek egindako eskaera: “Geltokia Baltegietan ipintzeko irizpideetako bat ekonomikoa dela esan duzue. Jakinaraziko bazenute zein den desberdintasun ekonomikoa geltokia Baltegietan ipini edo Gilan ipini, akaso eztabaida hau bertan behera geratuko litzateke berehala”. Informazio eskaera hori berretsi egin zuten beste hainbatek ere.

Horrekin guztiarekin batera, batek baino gehiagok udal ordezkariei aurpegiratu zieten herritarrei iritzia eskatu ez izana. Maurik, adibidez, galdetu zuen ea zergatik ez duten eskatu herritarren iritzia eta haien ekarpenak aztertu edozein erabaki hartu aurretik. Are gehiago, Udal Gobernuak erabakia ya hartuta duela jakin zutenean, herritar asko antzokitik joan egin ziren.

Udal Gobernua konbentzituta

Kritikei erantzunez, berriz, Iker Aldazabal alkateak azpimarratu zuen “euren apustua” dela autobus geltokia Baltegietan ipintzea. Eta beti izan dela horrela. Are gehiago, hark esan zuen konbentzituta daudela Baltegieta dela geltokiarendako kokalekurik egokiena: “Gure ustez, horrela da; geltokia Errabalera aldatu zutenean ere, guk Baltegieta defendatu genuen”, ekarri zuen gogora.

Eta adierazi zuen, besteak beste, ikuspuntu ekonomikotik ere Baltegietakoa dela kokalekurik egokiena. Adibidez, markesina beharrik ez dago han, aterpea kiroldegiko eskailerapeak ematen duelako.

Lurrazpiko edukiontziak

Gogora ekarri zuen, baita ere, lurrazpiko edukiontziak ipintzea 80.000 euro kostatu zela eta baztertu egin zuen haiek tapatu eta zubiko beste punturen batean edo Baltegietan bertan edukiontzi normalak ipintzeko aukera. “Hori ez litzateke logikoa”, esan zuen, gogora ekartzeaz bat zubi nagusiko urbanizazioa izan dela udalerrian azken urteotan egin den obrarik esanguratsuenetako bat.

Denondako ondo ezin

Horrekin guztiarekin batera, alkateak azpimarratu zuen zubitik Baltegietako geltokira edo Errabalekora distantzia berbera dagoela, 100 metro. Eta geltoki berria Txurrukenekoendako urrutirago geratzen den arren, gogora ekarri zuen orain arte kaltetuak izan direla “Ezozibideko zein Gabolatseko” garraio publikoaren erabiltzaileak. “Denondako ondo sekula ez dago”, esan zuen.

Luze jo zuen eztabaidak. Geltokiaren kokalekuak ez ezik, bestelako erabaki batzuk ere eragin zuten hainbaten desadostasuna. Adibidez, batek baino gehiagok zalantzan ipini zuten Errabal plataforma bakarra bilakatzeak oinezkoendako ekarriko duen balizko segurtasuna. “Santa Anan, adibidez, ibilgailuren bat baldin badator norbera kendu behar da paretik; zer gertatuko da Errabal moduko errepide nagusiago baten?”.

Eta besteak beste, Arturok defendatu zuen egokiagoa litzatekeela Ezozibide-Estaziño-Ola inguruko noranzko bikoitzera bueltatzea. Baina alkateak gogora ekarri zion han 113 aparkaleku daudela eta haiendako alternatibaren bat bilatu ezean hori ezinezkoa dela.