Biharko azokari dagokionez, 11 saltokiz eta txosnaz osatutakoa izango da, eta 10:00etatik 14:30ak arte egongo da Plaza Zaharrean. Saltokietako batzuek, gainera, deskontuak eskainiko dituzte, eta zozketetan parte hartzeko aukera ere emango dute.
Azoka egiteko Gabolats itxi egingo dute ibilgailuendako. Udalak jakinarazi du 09:00etarako itxiko dutela kalea.
Gabonetako argiak
Datozen egunotan, berriz, Gabonetako argiak ipiniko dituzte erdiguneko hainbat puntutan: “Kalebarrendik Gabolatseraino; Santa Anan Benito Altzari dendaraino; Etxaburuetan Arrano tabernaraino; zubian, udaletxe aurrean eta Mabel ile-apaindegiaren ondoan", esplikatu du Ainhoa Ibartzabalek, Bizikaleko ordezkariak.
5.000-6.000 euro inbertituko ditu Bizikale elkarteak kaleak argiztatzen, Soraluzeko Udalaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua da herria girotzea: “Giro apur bat emateko jarriko ditugu argiak. Gabonetan dekorazio gutxi egoten da, eta herria horren triste ez egoteko argitasuna ipiniko dugu, jendea pozik egoteko”.
Zuhaixka bereziak
Horrez aparte, aurten saltokien kanpoko aldeetan orain arteko plastikozko zuhaitz zuria ipini beharrean, zuhaixka naturala ipini dute: juniperoa. "Pentsatu genuen naturala ipintzea eta Gabonak bukatutakoan mendian landatzea. Hori horrela, eta pinuek duten gaixotasuna ikusita, koniferoa ez den zuhaitza ekartzea erabaki dugu, eta juniperoak ekarri ditugu", esplikatu du Onintza Elgetak.
Barrakak
Gabonen kanpaina borobiltzeko, barrakak ipiniko dituzte Plaza Zaharrean, abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean, Plaza Zaharrean. Abenduaren 31ra arte Bizikaleko bonuekin ibili ahalko da barraketan, eta abenduaren 31tik aurrera, prezio arrunta izango dute. Hori bai, aurten ez dute otarrik zozketatuko.