Soraluzeko produktuak plazara

Ubane Madera 2018ko aza. 27a, 10:25

Herritarrak azokako produktuak erosten, iazko urrian.

Bizikale Azoka egingo dute zapatuan Plaza Zaharrean. Soraluzeko merkatarien elkarteko kide diren 11 saltokik aterako dituzte produktuak plazara, 10:00etatik 14:30era. Azoka osatzeko txosna ere ipiniko dute, besteak beste, bi pintxo berezirekin: otarrainxka eta okela brotxetak, horiek ere Soraluzeko produktuekin egindakoak.

Plaza Zaharreko karparen babespean ipiniko dute zapatuan Bizikale Azoka. Musikaz lagunduta, 11 saltokik aterako dituzte euren produktuak plazara. Denetarik izango da gainera: jantziak, liburuak, umeendako jostailuak, altzariak, estetikako produktuak, jakiak, aseguruak…

Herrian erosteko

Horrez aparte, halakoetan ohi dutenez, hainbatek zozketa eta eskaintza bereziekin jantziko dituzte saltokiak. Azken batean, azokaren helburua da herritarrak herrian erostera animatzea: “Gabonak badatozela-eta, jendeak herrian erosteko eta gu hemen gaudela nabarmentzeko egingo dugu plazara irteteko ahalegina”, esplikatu du Ainhoa Ibartzabalek, Bizikale elkarteko ordezkariak.

Euskaraz

Azoka osatzeko, txosna ere ipiniko dute, Soraluzeko produktuekin osatutakoa, izan ere, edariekin batera, pintxoak ere izango dira: otarrainxka eta okela brotxetak, Juan Mari arrandegiko eta Etxabe, Marimar eta Iñarra harategietako jakiekin.

Hori guztia, gainera, eskainiko dute euskaraz. Ze Bizikalek “Euskaraldiaren aldeko apustua” egin du. Horrela, besteak beste, Euskaraldiko txapak soinean jantzita animatuko dituzte herritarrak euskaraz erostera.