Herri-galdeketa egingo du Udal Gobernuak, autobus geltokiaren geralekua herritarrek aukera dezaten

Ubane Madera 2018ko aza. 30a, 09:19

Gaur egun Errabalen dago geltokia. Herritarrak itxaroten, gaur goizean.

Erdiguneko autobus-geltokiaren kokalekua erabakitzeko herri-galdeketa egingo du Udal Gobernuak 2019ko hasieran. Loteslea izango da, hau da, herritarrek bozka bidez aukeratzen duten proiektua gauzatuko da. Eta datozen hilabeteotan definituko dituzte galdeketaren ingurukoak.

Geltokia Errabaletik aldatu nahi du Udal Gobernuak, han leku nahikorik ez dagoelako markesina, jarlekuak… ipintzeko. Eta Udal Gobernuaren ustez Baltegieta da lekurik aproposena, "egon litezkeen alternatibak aztertu eta gero".

"Modurik demokratikoena"

Hori guztia eta Errabaleko obren nondik norakoak azaltzeko batzarra egin zuten antzokian, baina, hartutako erabakiak eztabaida handia sortu zen.

Hori ikusita, Udal Gobernuak herri-galdeketa egitea erabaki du: "Debatea sortu dela ikusita, eta  geltokia Gila zubian ipintzearen aldeko ahotsak entzunda, hausnarketa sakona egin dugu eta herri-galdeketa loteslea egitea erabaki dugu, herritarrek erabaki dezaten zein den geltokiarendako kokalekurik egokiena: Errabal, gaur egun dagoen lekua; Zubi Nagusia edo Baltegieta (…) Uste dugu soraluzetar mordoari zerbitzua ematen dion azpiegitura publiko baten kokalekua erabakitzeko modurik gardenena eta demokratikoena dela, eta horregatik ahotsa eman nahi diegu soraluzetarrei".

Beraz, hiru aukeren abantailak eta desabantailak mahaiaren gainean ipiniko dituzte, herritarrek informazio guztia izan dezaten.

Lana "hobeto" egin

Oposizioko EHBildu koalizioak, berriz, uste du lana lehenagotik egin ahal zela "hobeto": "EAJk eta PSEk kiroldegiko aukerarekin itsututa pasa dute legegintzaldi guztia.

EHBilduk zein herritar askok eskatu izan dugu beste aukera batzuk aztertzea, baina esan izan zaigu kiroldegikoa zela aukera bakarra. Batzarrean ere argi utzi zuten ez zutela inolako aldaketarik egingo.

Zergatik proposatu dute bat-batean galdeketa? Hauteskundeak gertu daudela eta beldurtu egin dira? EHBildu ez da sekula herritarrei galdetzearen kontra jarriko, baina orain arte lana hobeto egin izan balitz, orain ez ginateke egoera honetan egongo".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.