Hasiko da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute.
Izen-ematea eta txapak
Atzo antolakuntzak zabaldutako datuen arabera, Euskal Herrian 196.000 herritar ziren izena eman dutenak (ikus datuak xeheago); horien artetik, 500 inguru plazentziatarrak.
Izena eman duten herritarrak ari dira poliki-poliki txapak jasotzen, baina oraindik ez dituzte guztiek jaso. Azken horiek, bihar izango dute "azken aukera" herrian txapak jasotzeko. Goizean, udaletxean jaso ahalko dituzte; arratsaldean, 14:30etatik 17:00etara bitartean, Euskaraldiko lokalean; eta, ostean, Plaza Zaharrean, hasierako ekitaldiaren bueltan.
Hasiera-ekitaldia, 18:00etan
Plaza Zaharreko karpan egingo da bihar Euskaraldiaren hasierako ekitaldia. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ordu erdi inguruko ekitaldi motza izango da, musikaz, kantuz eta diskurtso laburrez osatua, ariketa "elkarrekin eta ilusioz" hasteko.
Gainera, ekitaldian, "bizipenen koadernoa" izeneko 100 ale banatuko dizkiete, ariketak iraungo duen 11 egunetan "bizi eta sentitutakoak" idatzi nahi dituzten herritarrei.
Kafia eta berbia, eguaztenean
Azaroaren 28an, Euskaraldiaren 6. egunean, bizipenak eta zalantzak elkarbanatzeko ekimena prestatu dute Plaza Zaharrean: Kafia eta berbia. Arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara bitartean, aukera izango da Euskaraldian parte hartzen diharduten beste herritar batzuekin batera, elkartu eta berba egiteko. Antolatzaileek, dei berezia egin nahi diete herritarrei ekimen horretan parte har dezaten, hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean, ezin lagungarriagoa delako besteekin iritziak trukatzea, elkarrengandik ikasteko.