Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera ahobizi eta belarriprest modura arituko diren partaideen datuak eman dituzte gaur arratsaldean Baionan egin den aurkezpen ekitaldian.
Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak:
- Araban 17.500
- Bizkaian 68.500
- Gipuzkoan 84.000
- Ipar Euskal Herrian 5.500
- Nafarroan 20.500
Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta, adinari dagokionez, 16 urtetik gorako adin guztietako belarriprest eta ahobiziek egingo dute azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko den ariketa. Bereziki azpimarratu da gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Honela banatu dira izen-emateak adin tartearen arabera:
- 16 eta 25 urte bitartean ditu izena emandakoen %18ak.
- 26 eta 35 urte artean %18ak.
- 36 eta 45 urte artean %28ak.
- 46 eta 55 urte artean %19ak.
- 56 eta 65 urte artean %12ak.
- 65 urte baino gehiago %5ak.
Ariketa prestatzeko aurrelanetan milaka lagun prestaketa saioetan aritu direla ere azaldu dute Euskaraldiko bozeramaleek, ahalduntze ariketa garrantzitsu bat izaten ari denaren erakusgarri modura.
Ariketa: hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia
Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertuz ariketara batzeko deia eginez amaitu dute antolatzaileek Baionako ekitaldia. Atxikimendu handi hau herritarrak ariketa sozialean murgiltzeko akuilu izango da, Euskaraldiko bozeramaleen ustez. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin diete.