6.000 debabarrendarrek eman dute izena Euskaraldian

Egoitz Unamuno 2018ko aza. 16a, 15:43
Euskaraldia Ermuan.

Mallabin hasi eta Mutrikura bitarte, dagoeneko 6.000 debabarrendarrek eman dute izena Euskaraldian. Horietatik, %70ak ahobizi moduan eman du izena eta %30ak belarriprest moduan.

Era sendoan ari da garatzen Euskaraldia Debabarreneko zortzi herrietan: Mallabin, Ermuan, Eibarren, Soraluzen, Elgoibarren, Mendaron, Deban eta Mutrikun.

Antolatzaileak gustura daude ekimena debabarrendarren artean lortzen ari den zabalkundea ikusita: “Bailarako jendartean nabaritzen ari da Euskaraldia. Somatzen da ariketa egiteko ilusioa. Espero baino jende gehiagok dihardu izena ematen. Gainera, ikusten ari gara, orain arte hurreratu ez den jende asko ari dela hurreratzen Euskaraldira. Behin eta berriz egiten dihardugu geure buruari galdera: ‘hau ere bai?!’. Aniztasun handia ikusten ari gara izena ematen dihardutenen artean eta hori oso positiboa da”.

Formakuntza eta txapak

Ekimenaren gaineko informazio eta aholkuak zabaltzeaz gain, hainbat herritan, berariazko formakuntza-saioak eskaintzen dihardute izena eman duten herritarrei: Mendaron, Mallabin eta Mutrikun “Biziprest” saioak burutu dituzte, UEMAk -Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak- eskainita; eta, Deban, Ermuan eta Soraluzen, ahobizi eta belarriprestendako formakuntza-saioak egiten dihardute. Horrekin batera, aholkuz eta azalpenez osatutako eskuorri eta ikusentzunezkoak ere ari dira zabaltzen.

Bestalde, herririk gehienetan ekimenean erabili beharreko txapak ere banatzen hasita daude, eta, gainerakoetan, laster dira hastekoak. Bakoitzak bere herrian, jakinaraziko du non eta noiz jaso daitezkeen belarriprest eta ahobizi txapak.

Ekimen bereziak herriz herri

Euskaraldiak iraun bitartean, herriz herriz hainbat ekimen antolatuko dituzte herritarrak elkartu eta beren arteko harremanak bultzatzeko helburuarekin:

Mallabin: azaroaren 23an, plazan, materialaren zozketako irabazleei sariak banatuko dizkiete, txalapartak girotuta. Horrekin batera, txapak jasotzeko azken aukera ere eskainiko dute.

Ermuan: azaroaren 23an hasierako ekitaldia eta mintzodromoa egingo dituzte, eta abenduaren 1ean, kantu bazkaria, mintzodromoa, argazki jendetsua eta bukaerako ekitaldia.

Eibarren: abenduaren 2an, “bazkarialdia” egingo dute, mintzodromo eta guzti. Abenduaren 3an, berriz, hormairudia margotuko dute elkarrekin, “Hau hasiera besterik ez da!” lelopean.

Soraluzen: azaroaren 23an, Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia egingo dute eta azaroaren 28an, Kafia eta berbia topaketa, herritarrek elkarrekin bizipenak elkarbana ditzaten.

Elgoibarren: azaroaren 23an eta abenduaren 3an, hasiera eta amaiera ekitaldiak egingo dituzte Maalan.

Mendaron: ez dugu jaso egingo denaren gaineko informaziorik.

Deban: egina dute ekitaldi jendetsua, eta eragileekin ateratako argazkiekin bi mural handi egin dituzte kaleko hormetan zintzilikatzeko.

Mutrikun: besteak beste, asmoa dute Gaztetxean zerbait antolatzeko.