Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku herriek dagoeneko eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko; orokorrean, bada, Euskal Herri mailan 350 herri, auzo eta hiritan batera egingo den ariketa soziala gauzatzeko.
Debabarrenean, ezagutzari dagokionez, %58,6 dira euskaldunak, %20,8 ia-euskaldunak eta %20,5 erdaldunak. Orduan, 10etik 8k euskaraz ulertzen du eta 10etik 6k euskaraz aritzeko gaitasuna dauka.
Euskaraldia ariketa praktikoa izango da, eguneroko hizkuntza ohiturei astindua eman eta euskararen erabilerari bultzada emateko: ahobiziak eta belarriprestak aktibatu, prestatu eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra, ahobiziek euskara ulertzen dutenekin euskaraz egingo dute (lanean, etxean, lagun artean…), baita ezezagunekin lehen hitza, gutxienez, ere. Belarriprestek berriz, dakiten guztiei beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete, nahiz eta belarriprestek euskaraz edo erdaraz erantzun.
Bakoitzaren erabakia
Herritar bakoitzak (16 urte beteta izatea eta euskara ulertzea dira bete beharreko bi baldintzak) erabakiko du nola parte hartu nahi duen ekimenean eta zein txapa jantziko duen; aldi berean, ekimena kolektiboa izango da eta Debabarrenean euskaraz bizitzeko aukera handia dagoela bistarazi eta sentitzeko aukera eskaini nahi dute Euskaraldia ekimenaren bitartez.