Soraluzeko Sare Herritarrak proposatuta, hiru alderdiek (EAJ, PSE-EEk eta EH Bilduk) elkarrekin aurkeztu zuten atzoko udalbatzarrean presoen urruntze-politika bertan behera lagatzeko eskatzen duen mozioa. Udalbatzak aho batez onartu zuten.
Ehunka kilometrotara
Mozioan, besteak beste, Soraluzeko bi presoen egoeraren berri ematen da: Sabin Mendizabal Plazaola (39 urte) Valladolideko espetxean dago, Soraluzetik 303 kilometrotara, eta Sebas Etxaniz Alkorta (75 urte), berriz, Asturiasen, Soraluzetik 407 kilometrora.
Soraluzeko udalbatzak onartu duen mozioan, “espetxe-politika aldatzeko” eskatzen da eta Soraluzeko Udalak legedia “betetzeko lagungarri izan daitezkeen ekimenak” garatu ditzala.
Ekimen horien artean, udalbatzarrak onartu zuen bere “desadostasuna” adieraztea “egun indarrean den espetxeetako urruntze-politikekin”, eskatuz bete dadila Espetxeetako Lege Orokorrak dioena "bergizarteratze-printzipioari jarraituz, eragotzi dadin kartzelaldiak betetzerakoan presoak bere inguruarekin deserrotzea”.
Mozioan aipatzen da espetxe-politika "berria” behar dela, “saihestuko duena presoak zigorrak gizarte eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea eta erraztuko duena bere senideekin harremana izatea, senideen ongizatearen eta horiek presoarekin egoteko duten eskubideen alde”. Are gehiago, esan zuten horrek guztiak horrela izan behar duela “ETA-k indarkeria behin betiko eten izanak ireki duen garai berri honetan”.
Pauso praktikoak ematea "kosta"
Mozioa aho batez onartu arren, EH Bilduko Unai Larreategik aipatu zuen “pauso praktikoak ematea asko kostatzen” ari dela; gaineratuz, lehengo “sufrimenduak" jarraitzearekin batera, “berriak inkorporatzen” ari direla, aipamena eginez aste honetan bertan atxilotu duten Karlos Apeztegia preso ohi hernaniarraren kasuari, eta bere kezka ere agertu zuen "atxiloketak ez diolako laguntzen inondik inora prozesu berriari”.
"Hau guzti hau zaila da"
Patricia Borinaga sozialistak hari erantzunez esan zuen "hau guzti hau zaila” dela. “Sufrimenduak denok ditugu, nahiz eta kartzelan egon ez. Poliki-poliki eta ezer aurpegiratu barik errazagoa da aurrera egitea”, adierazi zuen zinegotzi sozialistak.
"Kontsentsua lortzeko gai gara"
Iker Aldazabal jeltzaleak, berriz, inportantzia eman zion “mozioa aho batez” onartu izanari. “Presoekin lotutako mozio ugari pasatu dira hemendik. Orain pausoak ematen gabiltza. Azken legealdian adostasuna eta kontsentsua lortzeko gai gara. Hori azpimarratu nahiko nuke”.
"Legeak dioena betetzeko eskatzen dugu"
Bestalde, atzoko osoko bilkurara Soraluzeko presoen hainbat lagun eta senide eta bertaratu ziren. Eskari eta galderen tartean, Monika Murok salatu zuen apenas ematen dela pausorik eta ez dela “ezer aldatu”. "Legeak dioena betetzeko eskatzen dugu, besterik ez", adierazi zuen.