Sabin Mendizabalen eta Sebas Etxanizen senide eta lagunek dei egin dute Donostiara joateko

Egoitz Unamuno 2018ko urr. 10a, 08:00

Sebas Etxaniz eta Sabin Mendizabalen senide eta lagunek dei egin diete soraluzetarrei, urriaren 20an Donostian egingo den manifestazioan parte har dezaten. Soraluzeko Sarek autobusak antolatu ditu. 

Orain presoak dinamikak manifestazioa deitu du Donostian urriaren 20rako, helburutzat hartuz “urruntze politikak eragiten duen sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea”. 

Preso dauden soraluzetarren senide eta lagunek dei egin diete herritarrei mobilizazioan parte har dezaten. Izan ere, senide eta lagunek bidaia luzeak egin behar izaten dituzte astebururo Sabin eta Sebas ikusteko. Sabin Mendizabal Plazaola Valladolideko espetxean dago, Soraluzetik 303 kilometrotara, eta Sebas Etxaniz Alkorta (sortzez elgoibartarra baina Soraluzera ezkondua) Asturiasko espetxean dago, Soraluzetik 407 kilometrotara, 75 urte beteta.

Donostiako manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antiguoko tuneletik. Soraluzeko Sare Herritarrak autobusak antolatu ditu herritik: bata goizean irtengo da, eta, bestea, arratsaldean. Txartelak eskuragai daude Batzokian, Bolian eta Arrano tabernetan.

Ekitaldia bakeaz eta elkarbizitzaz

Orain Presoak dinamikak ekitaldia antolatu du bakeaz eta elkarbizitzaz jarduteko. Urriaren 20an egingo da, Miramar jauregian, manifestazioaren aurretik. Dinamikan parte hartzen duten herritarrek bide orri bat eskatu dute berriro, presoen urruntzea amaitzeko.