Irailaren 8an egingo dute Aspanogiren aldeko jaia

Ubane Madera 2018ko abu. 29a, 10:56
Etxaburueta kalean iaz egindako bokadillo erraldoia, toldoz babestuta.

Hirugarren urtez, bokadillo erraldoiak alderik alde hartuko du Etxaburueta kale zatia, Aspanogiren aldeko jaiko ekitaldi ikusgarriena izaki. Irailaren 8rako antolatu dute elkartasun egun hori, goizean hasi eta iluntzera bitarteko ekitaldiak tarteko direla. 

Zapatuan, goizean hasiko da Aspanogiren, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen aldeko jaia. 11:00etan otarraren zozketa egingo dute, eta iaz estreinatutako ekitaldiak aurten errepikatu egingo dituzte: umeendako jolasak, eta 12:00etan patata tortilla lehiaketa.

Ogitarteko erraldoia

Goiz-eguerdikoa eginda, arratsaldean segituko du jaiak. Hain justu ere, 19:00etan hasiko dira bokadillo erraldoia muntatzen. 

Iaz Iraultz Arluziagak egin zuen ogia, 25 metro pasako bokadilloarendako. 50 kilo irin erabili zituen eta ia 100 kiloko masa landu zuen, ogia egiteko. Haren zati bat Iñaki Etxabe harakinak emandako txorizoz bete zuten, eta gainontzekoak bestelako jakiz.

Horrekin guztiarekin batera, Aspanogi elkarteko ordezkariek postua ipiniko dute, kamisetak-eta saltzen. Eta egun guztia izango da musikaz girotuta.

Hori guztia Etxaburueta kalean, Intxixu, Arrano eta Bolia tabernen parean egingo dute, eurak eta Mendizabal Okindegia dira-eta elkartasun jai horren antolatzaileak.

Aspanogi elkarteari laguntzeko jaia da irailaren 8koa. Iaz, 3.554,50 euro bideratu zituzten elkartera soraluzetarren eskuzabaltasunari esker.

Erlazionatuak