3.554 "elkartasun keinu", Soraluzetik Aspanogira

Ubane Madera 2017ko urr. 23a, 16:02

3.554,50 euro. Horixe da Aspanogiren aldeko jaiaren bitartez, zapatuan Soraluzen lortu zen diru-kopurua. Aspanogiko ordezkariak oso eskertuta daude eskuzabaltasun horrengatik, baina bereziki, “baloratzen da Soraluzen transmititu zen energia, enpatia. Hori ordainezina da”, adierazi du Aspanogiko presidente Bittor Andonegik. Nabarmentzekoa da, baita ere, egunaren antolatzaileen, Bolia, Arrano eta Intxixu tabernen bueltan sortu zen giro apartekoa.

1.712,50 euro batu ziren zapatuan Iraultz Arluziagak egindako bokadillo erraldoitik saldutako pintxoei eta otarra zozketatzeko saldutako txartelei esker. Gainontzeko 1.842 euroak, berriz, jertseen, kamiseten, motxilen eta eskumuturrekoen salmentatik batu zen. Guztira, bada, 3.554,50 euro batu dira soraluzetarren elkartasunari esker.

Dirua Aspanogira, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartera bideratuko dute. Eta zela ez, hango kideak oso pozik daude kopuru horrengatik, baina gehien baloratzen dutena da Soraluzek erakutsitako elkartasuna eta bertatik eratorritako “energia”.

Gaia gizarteratu beharra

“Soraluzetarren borondate osoarekin egindakotik lortutako dirua esker onez hartuko dugu, baina benetan apreziatzen duguna da ikustea horrenbeste jende mobilizatuta gure alde halako giro ederrean (…). Minbizia normaltasunez bizi behar da; eguneroko bizitzan dago eta oso inportantea da gaia gizarteratzea. Baztertu egin behar da sasoi batean eragiten zuen beldurra, tabu moduan hartzea, ezkutuan gordetzea… Inork ez du pozik hartuko minbizia duela jakitea, baina onar daiteke energiarekin, eta energia zoragarri hori igartzea da benetan baloratzen duguna. Hori ordainezina da. Horrek minbizia duenaren inguruko mundua aldatu egiten du”, adierazi du Bittor Andonegik, Aspanogiko presidenteak.

Soraluzeko Aspanogiko kideek ere eskerrak eman nahi dituzte egindako guztiagatik “soraluzetar guztiei eta bereziki, lanean edo laguntzen ibili ziren guztiei”, esan du Olatz Oregik.

Otarraren irabazlea

Bestalde, egun horretan zozketatu zen otarrak badu irabazlea: 6.500 zenbakiarekin, Nagore Martin Egotzakori tokatu zitzaion saria. “Oso-oso pozik nago; sekula ez zait ezer tokatu!!!”, esan du hark. 

Oharra: bideo-egilea Josean Arluziaga da. 

Erlazionatuak