90 bat lagunek parte hartuko du aurten danborradan

Ubane Madera 2018ko uzt. 25a, 09:10
Ana Maiztegi, Marga Cabezon, Inma Matute eta Roberto de la Rosa, Danborradako Batzordeko lau kide.

Danborradako Batzordeak zituen beldurrak nolabait bete, eta aurten jaitsi egin da herritarren parte hartzea Danborradan: "90 bat lagun irtengo gara", jakinarazi du batzordeko kideetako bat den Inma Matutek. Esaterako, konpainia bat gutxiago izango da danborradan, kantinerarik ez da egongo-eta. Edozelan ere, bestetan baino partaide gutxiago izan arren, gaur eguaztena, 23:00etan abiatuko da Danborrada, Txurrukenetik.

"Gazteek animatzeke segitzen dute; aurten, adibidez, ez da kantinerarik izango, inork ez duelako kantinera modura irten nahi izan, eta jotzeko nahikoa jende lortu dugun arren, gremioetarako-eta zailtasunak izan ditugu. Igartzen da, baita ere, lanegunak direla…", kontatu du Danborradako Batzordeko kide Inma Matutek aurtengo zailtasunei buruz.

Izan ere, aurten bestetan baino gehiago kosta zaie jendea danborradara erakartzea; eta hori horrela bada, orain arteko parte-hartzerik txikiena izango du danborradak aurten. Hain justu, iaz izan zuen danborradak urtetako parte-hartzerik txikiena, 111 herritarrekin. Eta aurten, 90 bat lagun espero dituzte.

Konpainia bat gutxiago

Zailtasunak zailtasun, aurten behintzat, kale egin barik irtengo da Danborrada Nagusia, 23:00etan, Txurrukenetik. Kantinera barik, gaur gauean zortzi konpainiaz osatutako danborradak zeharkatuko ditu Soraluzeko kaleak: 

Perkusioa jotzen lau konpainia (gudariak eta sukaldariak): bi danborrak jotzen eta beste bi barrilak jotzen. Eta beste lau konpainia daude gremioak irudikatzen: arrantzaleak, kajeruak, gastadoriak, ehiztariak, aparejeruak, kanoinistak, agintariak eta mikeleteak.

Zuzendaria Unai Larreategi da, “bera da onena. Urte asko daramatza”, azpimarratu dute Danborradako Batzordekoek. Eta banderadunak ere izango ditu Soraluzeko danborradak: Ikurrina eta Plazentziako bandera eramaten dituztenak.

“Horrez aparte, Mendizabal okindegiak ogi erraldoia oparitzen digu eta urtetik urtera handitzen doan indioilarra (hirugiharrez beteta), berriz, Iñaki Etxabek. Iazkoak 21 kilo pisatu zituen”, diote danborradako batzordekoek.

Eta danborradako musika interpretatzen, berriz, jardungo dute Soraluzeko Musika Eskolako musikariek, Bergarako eta Eibarko bandetako musikariek lagunduta.

Ibilbidea

Txurruneken 23:00etan irten eta Zubi Nagusian 01:00etan bukatuko da danborrada. “Antzina Ezozibideko biribilguneraino igotzen ginen, baina nekeza zen aldapa karroarekin igotzea… Orain dela urte batzuk jatorrizko ibilbidea berreskuratu genuen, orain egiten duguna: Gabolatseko zubitik SAPAra, eta Iturburutik gora. Bidean geldiuneak egiten ditugu: Plaza Zaharrean eta Zubi Nagusian luzeenak, eta horiez aparte, Errekalden, Atxurin (egoitzakoendako), Amutxastegin, Gabolatsen eta Iturburun…”, esplikatu dute batzordekoek.

Kantuei dagokienez, “bizpahiru urtetik behin berriak sartzen ditugu; azkena Pantxika. Eta Pantxika da, hain zuzen, orain gurekin irteten den astoa. Eibartarra da, baina Soraluzen bizi da, Zerrejonen baserrian”. 

Aurten, bada, danborradaz gozatzeko aukera izango da gaur. Eta akaso ondo aprobetxatu beharreko aukera izango da, datorren urtean batek daki-eta, Nagusien Danborradarik egongo den edo Umeen Danborrada bezala, nagusiena ere desagertuko den: “Ez dugu danborrada beste barik utzi nahi, umeen danborradarekin gertatu den moduan, desagertu egingo zelako. Ze umeena desagertu zen parte hartzeko umeak falta zirelako. Eta halako kontuetan parte hartzeko zelanbaiteko inplikazioa behar da, sakrifizio txikia, bizitzan edozein kontutan moduan… eta badirudi umeak eta bereziki, gurasoak, ez daudela horretarako gertu. Edozertarako behar da sakrifizioa. Eta orain, gure taldean berrikuntza behar da, batzuk azken urtea egingo dute antolaketan eta herritar berririk etorri ezean, umeenarekin gertatutakoa gerta daiteke Nagusien Danborradarekin ere”, azpimarratu dute batzordeko kideek.