- Zenbat urte daramatzazue bada lehiaketara aurkezten?
- Buf! 30 urte bai.
- Sukaldaritzarekiko halako zaletasuna duzue?
- Elkartean ere guk egiten ditugu kuadrillako bazkariak eta afariak… Eta etxean saltsa kontua ere guk egiten dugu, bakailaoarendako eta beste kontu batzuendako ere bai.
- Garrantzitsua da zuendako parte hartzea, ala?
- Orain arte hor egon gara eta… Eta herrian jakiteko zein diren, behintzat, bakailaoan onenak.
- Zuek zarete onenak hortaz…
- Momentuz bai. Urtea ez da amaitu, beraz…
- Lau bider lortu duzue sariren bat; zein da zuen sekretua?
- Lehenengo bakailaoa ona izatea, eta ona ekartzen dute Alkortarenean bakailaoa (Elgoibarkoak dira). Hori inportantea da. Olioa ere eurek ipintzen dute, eta hori ere kalitatezkoa izan behar da, ona. Eta gero, saltsa ona ateratzeko inportanteena da olioaren tenperatura, kalitatezko pil-pila ateratzeko. Guk puntua hartuta diogu: apur bat atzaparra sartu… eta ta! Oraintxe dago bere puntuan! Eta bueno, esan beharko dugu orain aldatu egin dugula saltsa ateratzeko modua. Beste askok ere hala egiten dute: iragazkiarekin. Egin behar dena honakoa da: lehenengo bakailaoa egin, inportantea da hari ere bere denbora ematea (ez dugu esango zenbat, hori sekretua da), gero kendu, eta tenperatura hartzen laga, eta gero iragazkiarekin saltsa atera. Eta gero bakailaoa bertan ipini. Ze guk kazolatik atera egiten dugu bakailaoa, eta haren ura gorde eta gero olioarekin nahastu eta erabili egiten dugu. Ez dauka besterik.
- Gainerako lehiakideek ze maila dute?
- Nahiko ona. Batzuek txapuza batzuk ere ateratzen dituzte, baina orokorrean maila ona dute, eh! Maila nahiko ona dago Soraluzen.