Jaietarako atzera kontaketa

Ubane Madera 2018ko uzt. 23a, 12:16
Danborradako kanoia.

Bi egun eta erdi barru jaia lehertuko da Soraluzen. Osintxuarrei bisita egin eta gazteek zubian bazkaldu eta gero zabalduko dute Kukumixoren tonbola, txosna-guneko bertsopoteoa egingo dute, eraso matxisten aurkako argazkia aterako dute eta horren ostean etorriko da txupinazoa. Berria izango da berau, eta berria denez, desberdina, Danborradako kanoia erabiliko delako jaiei hasiera ofiziala emateko. 

Eguaztenean, eguerdi partean, Marras eta lagunak joango zaizkie osintxuarrei bisita egin eta jaietara gonbidatzera; 15:00etan, berriz, gazteek bazkaria egingo dute Zubi Nagusian; 17:30ean bertsopoteoa izango da, txoznagunean, eta 18:00etan Kukumixok tonbola zabalduko du. 

Ondoren 18:45ean, eraso matxisten aurkako argazkia ateratzeko deia egin du Korner Moreak eta horren ostean etorriko da txupinazoa. Ez ohikoa izango dena. 

Segurtasunarengatik

Izan ere, herriko jaien hasiera iragartzeko txupina edo etxafuegoa erabili ordez, kanoikada jaurtiko dute. Bi arrazoirengatik egingo du aldaketa Soraluzeko Udal Gobernuak, honako hauxe azaldu digu Iker Aldazabal alkateak: “Garrantzitsuena da herritarren segurtasuna, aurreko urteko ezbeharra kontuan hartuta. Kontu arriskutsua da etxafuegoarena, eta ekidin egin behar dugu, berriro ere halako gertaerarik izan ez dadin”.

Untzi Museoan

Txupinazoan kanoikada jaurtitzeko bigarren arrazoiak, berriz, herriko historiarekin lotura zuzena dauka, alkateak azaldu duen moduan: “Soraluzeko historiarekin harreman zuzena dute armagintzak eta kanoiek; eta hori erreferentzia modura izanda, Danborradako kanoiaren bitartez emango zaie jaiei hasiera. Eta aurten, gainera, eta hori irakurtzen nengoen, justu, soraluzetarrak ere modan gaudela. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Independentzia-egunarekin du lotura. Uztailaren 4an da egun hori. Eta, gaur egun, Donostiako Untzi Museoan dago horren gaineko historia jasota. Bertan dauden dokumentuetan ageri da zela euskaldunek lagundu zuten AEBtako Independentzia-gerran, frantsesen bitartez armak eramaten. Eta nongoak ziren arma haiek? Bada, Soraluzekoak. Gerra hari esker, AEBtako koloniek independentzia lortu zuten Britania Handiarekiko. Kasu hartan, gerran sartuta zegon bigarren superpotentziakoek, frantsesek, harremanak zituzten hemengo euskaldunekin eta lagundu zieten Soraluzen fabrikatutako armak kolonoei eramaten”, halaxe esplikatu  du alkateak. Hark gaineratu duenez, Untzi Museoan dute Soraluzeko hiribilduaren gaineko dokumentua ere, alkatetzan dago haren kopia bat. “Hemen (planora seinalatzen) azaltzen da armen biltegia, hemen daude arma guztiak, eta eraikin hau da Erregetxea da. Eta idazkian kontatzen da zela Gipuzkoan armagintzaren jatorria dagoen, besteak beste, Soraluzen, eta zela Soraluzeko fabrikek lagundu zuten AEBtakoek Britania Handiarekiko independentzia lortzen, armak eginez”, horixe gaineratu du Aldazabalek.