Dolmenen Ibilbiderako diru gehiago

Ubane Madera 2018ko uzt. 12a, 13:55
Bisitariak iazko bisitetako batean. Argazkia: Debabarrena Turismo

Dolmenen ibilbidearen gaineko hitzarmen berria onartu zuten atzo osoko bilkuran. Egitasmo horretara orain arte Soraluzeko, Elgoibarko eta Bergarako udalek egin duten diru ekarpena nabarmen handitu da, Soraluzeko Udalak proposatuta eta horregatik berritu beharra dago hitzarmena. Iker Aldazabal alkateak esplikatu zuenez, “2018ko aurrekontuko proiektu estrategikoetako bat da Karakate-Hirukurutzeta kordala balioan jartzea”. 

Orain arte Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalek 2.500 eurona ipini izan dute, Dolmenen Ibilbidea proiektua garatzeko ekarpen modura. Alkateak atzo esplikatu zuenez, baina, “ekarpena handitzeko proposamena” egin zien Soraluzeko Udalak aipatutako udalerriei, eta haiek onartu egin zuten. Hori horrela, aurrerantzean udal bakoitzak 7.000 euroko ekarpena egingo dio proiektuari.  

Eta hain justu, kopuru hori jasotzen zuen hitzarmen berria zen atzoko osokoak aho batez onartu zuena. 

Diputazioaren laguntza

Horrez aparte, gai berarekin lotuta, alkateak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailera egindako diru-laguntza eskaera ukatu egin zain arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak 8.880 euroko diru-laguntza onartu duela dolmenetan indusketak egiteko.  

Eta gaineratu zuen beste laguntza batzuen gaineko erantzunaren zain ere badaudela: Erein diru-laguntzak, “horiek dira inportanteenak, eta oraindik ez da ebazpena irten”, esan zuen Aldazabalek. 

Izan ere, proiektuari emango zaizkion diru-laguntzek baldintzatuko dute Dolmenen Ibilbidearen proiektuaren garapena. 

Indusketak, bisitak… 

Asmo orokorra da dolmenen indusketak egitea, Bergarako lursailetan dagoen Kerexetaegi hegokoa trikuharria berreraikitzea, iazko bisita gidatuak errepikatzea “ikusita zelako arrakasta izan zuten”, eta komunikazio eta seinaletika aldetik “dolmenak ikustarazteko ekarpen inportantea egitea”. “Proiektu indartsua da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin egingo dena”, jakinarazi zuen alkateak.