Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzazio berriak desadostasuna eragin zuen

Ubane Madera 2018ko uzt. 12a, 13:27
Udalbatzarra bozketaren une batean, atzo, eguaztena.

Atzo egindako osoko bilkuran bi gai mahai gainean laga zituzten. Gainontzekoen artean, berriz, guztiak onartu ziren, baina ez aho batez. EH Bilduren abstentzioa ekarri zuen, hain justu, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzatzeko hitzarmen eta arautegi berriek.  

Etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko hitzarmen berria sinatu behar du Soraluzeko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Arrazoia da zerbitzu horren kudeaketa eta finantzazioa aldatu egiten dela. 

Hobekuntzetarako aukera 

Iker Aldazabal alkateak esplikatutakoaren arabera, zerbitzu horretan udalek orain artekoa baino pisu handiagoa hartu behar dute, eta horren ondorioz, diru gehiago ipini ere bai. Trukean, egoitzek duten defizita bere gain hartuko du Diputazioak, nahiz eta Soraluzeko egoitzaren kasuan defizitik egon ez. 

Soraluzeko Mesedeetako Egoitzaren kasuan, berau fundazioa da, eta patronato batek kudeatzen du. Hain justu, patronato horretan du pisua Soraluzeko Udalak, baina egoitzaren kudeaketa ez da publikoa.

Bestalde, hitzarmen berri horren bitartez, Udalek proposatzen dituzten hobekuntzak egiteko aukera izango da. Eta jakinarazi zuten Soraluzetik hobekuntza batzuk proposatuko dituztela.  

Puntu hau eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren arautegi berria bozkatzerako orduan, baina, EH Bildu abstenitu egin zen. 

Diputazioak %50

Lorea de Castro zinegotziak emandako arrazoia izan zen finantzazio berria barik “murrizketak” ekarriko dituela hitzarmen berriak. “Orain arte zerbitzuaren %80 ordaindu du Diputazioak, eta %20 Udalak. Hiru urtean, berriz, Diputazioak %50 ordainduko du bakarrik (%80tik %50era jaisteko prozesua 2017an hasi zen, beraz, 2019an amaituko da. Eta kontuan hartuta proposatzen diren hobekuntzetako batzuk ezin izango direla gauzatu ez dagoelako nahikoa diru, 2019an Diputazioak ez du ezta %50a ere ordainduko. Datorren urterako beraz, udalak asumidu beharko du zerbitzu horren gastuaren erdia, hobekuntzek suposatuko dituzten gastuez gain. Eta Udalak gastu horri aurre egin ahal izateko, bestelako gastu batzuetatik kendu egin beharko du”. 

Ildo beretik, De Castrok gogora ekarri zuen aurreko osoko bilkuran ere kritikatu zituztela Diputazioak mendekotasuna dutenei ematen zaien laguntzei egindako murrizketak eta azpimarratu zuen familia horiek beteta izan beharko lituzketela behar horiek.  

Eta gaineratu zuen, hala ere, kontra bozkatu beharrean abstenitu egin zirela puntua onartzea beharrezko delako Diputazioaren laguntzak eskuratzeko.

Zerbitzuan murrizketarik ez 

Patricia Borinaga zinegotziak erantzun zion, besteak beste, Soraluze dela herri bakarrenetarikoa etxez etxeko laguntza zerbitzua bertako langileekin betetzen duena, eta “inongo kasutan ere” Udal Gobernuaren asmoa dela etxez etxeko laguntza zerbitzuan murrizketarik egitea. “Orain arte ez zaio inori ukatu zerbitzu hori”, adierazi zuen, “eta Udalaren asmoa da berdin segitzea”.

Orduan, EH Bilduko zinegotziak berretsi zuen Diputazioak ezartzen duen edozein murrizketak eragiten duela udalerrian, gastatu beharreko diru hori “beste nonbaitetik atera” beharko delako.