Aho batez onartu zuten Soraluzeko Pentsionista Mugimenduaren mozioa

Ubane Madera 2018ko uzt. 12a, 11:41

Pentsiodunak eta herritarrak osoko bilkuran, atzo, eguaztena.

Batere ohikoa ez den irudia erakutsi zuen atzo osoko bilkuren aretoak: jendez beteta egon zen uztaileko osoko bilkura egin zen bitartean. Hain justu ere, Soraluzeko Pentsionista Mugimenduko kideak bertaratu ziren, eurek aurkeztutako mozioa aztergai izan zuten-eta udal ordezkariek. Aztertu, eta aho batez onartu zuten mozioa.

Mozioaren bitartez sei eskaera helarazi zituzten, pentsio duinak lortzeko: pentsio duinak bermatzeko beharrezko diren lege aldaketak egitea, 1.080 euroko kopurua ezartzea gutxieneko pentsio modura eta pentsio duin horiek bermatzea, legez blindatzea eta behar den moduan eguneratzea urtetik urtera: 

Sei eskaera

Hori lortzeko honako eskaerak helarazi zituzten 

  1. “Blindatu dadila Espainiako Konstituzioaren 50. Artikuluan pentsionista guztiek pentsio duinak izateko eskubidea. Eta Gizarte Segurantzaren Kutxa Orokorra defizitarioa den bitartean, sar dadila dagokion defizita Estatuko Aurrekontuetan”.
  2. “1.080 euroko pentsio duina ezartzea pobreziaren mugatik irteteko, Europako Gutun Sozialak ezartzen duen legez; eta hori egin ezean, Eusko Jaurlaritza izan dadila ezarriko duena behar den osagarria Euskadiko pentsionista guztiak hilero kopuru horretara iristeko”. 
  3. “indargabetu dadila 23/2013 lege, Gizarte Segurantzaren Pentsio Sistemaren Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizaio Indizea arautzen dituena, pentsio duinak bermatzeko; eta KPI errealarekiko lotura ezarri, etorkizunean pentsioak eguneratzeko formula gisa”.
  4. “indargabetu dadila 2011ko Lan Erreforma, ondorio negargarriak izan dituelako enpleguaren kalitatean eta kotizazioetan, arriskuan jartzen dutenak pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuna. 
  5. “Ezartzeko babes eta Gizarte Segurantzaren sistema bat Euskal Autonomia Erkidegorako, pentsio publikoek eta pertsona nagusiek behar duten arreta bermatuko dituena, eta has daitezela pausoak ematen Gizarte Segurantzaren arloan eskumenak transferitzeko EAEra, Gernikako Estatutuak onartzen duen 3/1979 Lege Organikoaren 5. Xedapen iragankorrean eta 18. artikuluan ezarritakoaren arabera”. 
  6. Hau guztiau Jaurlaritzari eta Estatuko Gobernuari jakinaraztea. 

Mozioa aho batez onartu zen. Baina horrek zeresana eragin zuen aretoan zeuden hainbat herritarren artean.

Jarraipena egitea 

Hasteko eta behin, boto azalpenaren atalean, EH Bilduko bozeramale Unai Larreategik Soraluzeko Pentsionista Mugimendua zoriondu egin zuen haiek egiten eta proposatzen dabiltzan guztiarengatik. Horren ondoren, proposatu zuen jarraipena egitea mozioan esaten denaren betetze mailari, azpimarratuta mozioa onartu zuten hiru alderdiek (EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk) gehiengoa badutela onartutakoa gauzatzeko “eta ea bada, laster pentsio duinak berma daitezen oraingoendako eta gerokoendako”, adierazi zuen.

Ondoren, herritarrei osoko bilkurara joatearren eskerrak eman eta gero, hitza eman zien Iker Aldazabal alkateak. 

Eskaerak 

Txaro Letek hitza hartu eta azpimarratu zuen “gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, pentsioak defendatu egin behar dira”. 

Jose Antonio Callesek, berriz, salatu zuen eurek lagundu dutela ekonomia hazten, euren lanarekin. “Eta orain zer? Ez dago dirurik pentsioak igotzeko? Zuen soldatak igotzeko badago ba”, esan zuen. “Nik nahiko nuke zuek pentsioak defendatzea zuen lehentasuna balitz bezala”, bukatu zuen. 

Horri erantzunez, Patricia Borinaga zinegotzi sozialistak adierazi zion baietz, argi dagoela dena dela lehentasun kontua, eta eurendako ere lehentasunezkoak direla pentsioak, eurak ere pentsiodun izango direlako noizbait. 

Harridura

Rosa Etxeberriak, berriz, harridura erakutsi zuen hainbat arrazoirengatik. Batetik, EAJk eta PSE-EEk mozioan eskatzen dena onartu izanagatik, Legebiltzarrean atzera bota dutenean. “1.080 euroko pentsioaren kontra zeundetela uste nuen”, esan zuen.

Bestetik, harridura partekatu zuen, baita ere, mozioaren puntu batean eskatzen delako Lan Erreforma bertan behera uztea; “hau zuengatik doa, Patricia”, esan zion zinegotzi sozialistari. Gogora ekarrita sozialistek onartu zutela berau. Eta ildo beretik, azpimarratu zuen erreforma horren ondorioz, atzeratutako erretirorako adinak eta erretirorako kontuan hartzen den lan egindako urte kopurua handitu izanak eragin handia izango duela etorkizuneko pentsioetan. 

Patricia Borinaga sozialistak, besteak beste, erantzun zuen desberdintasunak daudela PSOEk eta PPk egindako erreformetan. Bereziki, sozialistek egindako erreforman pentsiorik altuenak izozten zirelako bakarrik, eta aldiz, PPk egindakoan guztiak izoztu zirelako. Eta gobernu batekin edo bestearekin pentsioen garapena ez dela berdina izan ere esan zuen. 

Azkenik, eta pentsioen izoztea dela-eta, galdetu zitzaien politikariei, baita ere, ea noiz hasiko ziren aplikatzen EAJk eta PPk adostutako igoera, eta ea zer gertatzen den igoera bako urte hauetan guztietan galdutako diruarekin. “Galdutakoa galduta dago”, erantzun zioten; eta igoera, berriz, oraingo hilean aplikatzen hasiko direla.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.