Auzoko baserritarrek prestatutako azokarekin hasi ziren jaiak zapatuan. Ganaduak, erremintak, sendabelarrak, loreak eta bestelako hainbat postu ezarri zituzten. Eguraldia lagun, jende mordoxka hurreratu zen eta aurreikusitako ekitaldi guztiak burutu ziren arrakastaz. Umeendako sendabelar, landaketa eta talo ikastaroan, esaterako, berrogeiren bat umek parte hartu zuten.
Arratsaldean, Asier eta Iñakiren pilota txapelketako partiduetara jende asko hurreratu zen eta gauean laurogei lagun inguruk afaldu zuten frontoian. Ostean, ez zen falta izan tirikiti hotsik eta dantzarik goizeko ordu txikiak arte.
Domekan ere, goizean goizetik jende asko hurreratu zen auzora eta parte hartze handia izan zen kirol ekitaldietan.
Mikel Lopetegik errekor berria
Domekan, San Andresko Harria Txapelketan errekor berria ezarri zuen Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak. 100 kiloko harriari 45 jasoaldi eman zizkion bost minutuko tartean, eta, horrenbestez, 2014tik 44 jasoalditan zegoen errekorra (Jesus Mari Iruretagoiena "Izeta"-k jarritakoa) gainditu zuen jasoaldi bat gehiago emanda. Bigarren, Imanol Albizu Goikoetxe elgoibartarrak egin zuen 42 jasoaldirekin, hirugarren Jose Urrutia leitzarrak 37 jasoaldirekin, eta laugarren Gorka Etxeberria oriotarrak 34 jasoaldirekin.
Boletako lehen saria Sergio Rodriguezek
Berrogeita hamar lagunek baino gehiagok parte hartu zuten domeka arratsaldeko bola-tiraldi mixtoan. Bertan, Sergio Rodriguez eibartarra nagusitu zen sei txirlo botata. Txirlo koru bera bota zuten Segundo Pagaldai markinarrak, Enaitz Oruesagasti auzotarrak eta Mateo Goenaga markinarrak ere, baina berdinketa hausteko tiraldia hurrengo postuetan sailkatu ziren hurrenez hurren. Enaitz Oruesagastik lehenengo auzotarraren saria ere eskuratu zuen.
Zozketa
Lehen eta bigarren sariak zozkatu zituzten domekan eta ondorengoak izan ziren zenbaki sarituak:
1. Saria. Saskia. 1808. Ordezko zk. 2000.
2. Saria. Bi jatordu Batzoki jatetxean. 2564. Ordezko zk. 2148.