Zapatuan San Andresko Munua frontoiko harmailak jendez beteta ziren arratsaldeko zazpiretan lehenengo partidua jokatzen hasi zirenerako. Lehenik, Asier eta Iñakiren Omenezko 17. Pilota Txapelketako hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidua jokatu zen, partidu luzea eta lehiatua izan, eta azkenean Argoitz Ariznabarretak eta Gorka Bollarrek 22 eta 21 irabazi zieten Asier Fernandez eta Jokin Arrillagari.
Finaleko partidua jokatu zen gero. Partidu luzea eta borrokatua izan zen, eta oso parekatua azkenengo tantoetara iritsi ziren arte. Azken txanpan, Iosu Unanue eta Jurgi Rascon aurreratu ziren eta 22 eta 17 irabazi zieten Jon Gallastegi eta Andoni Callesi.
Presoen dispertsioa amaitu dadin aldarrikatuz eman zioten amaiera pilota jaialdiari, elkarrekin argazkia aterata.