170 korrikalari inguru gertu Alejandro Rodriguez Memorialerako

Ubane Madera 2018ko mai. 18a, 12:11
Luque eta Martinez Plaza Zaharreko karpan, izena ematera animatzen, umeek lagunduta.

Martitzenetik hona beste 100 lagun inguruk eman du izena domekan Alejandro Rodriguez Memorialean parte hartzeko. Guztira, bada, dagoeneko badira 170 korrikalari Soraluzeko I. Herri Krosean parte hartuko dutenak. 

Atzo, eguena, arratsaldean karpa ipini zuten Soraluze, Mugituz! ekimeneko kideek Plaza Zaharrean, domekako kroserako herritarrak animatze aldera. Eta ekimena eraginkorra izan zela esan liteke, izan ere, atzoko datuen arabera, dagoeneko 59 korrikalarik eman du izena nagusien lasterketan parte hartzeko; beste 27k eman dute izena 5 kilometroko lasterketarako eta 60 umetik gorak parte hartuko du, berriz, eurei zuzendutako lasterketetan.  

Guztira, bada, oraindik ere izena emateko bi eguneko epea dagoeneko 170 korrikalari animatu dira lasterketan parte hartzera. Gauzak horrela, litekeena da 200 inguru izatea domekan Soraluzen izango direnak. 

Izen propio batzuk 

Halakoetan ohi denez, herriko zein kanpoko korrikalariek parte hartuko dute Alejandro Rodriguez Memorialean. Soraluzeko izen propio batzuk aipatze aldera, lasterketaren batean edo bestean parte hartuko dutenen artean izango dira: Ander de Luis, Urko eta Koldo Azkorbebeitia, Amaia Ariznabarreta, Iker Torrientes, Mertxe Arenaza, Nerea Rodriguez (Alejandro Rodriguezen alaba gaztea), Irati Iñurrieta, Gorka Zubiaurre, Libe Ugarte, Ainhoa Velazquez…

Antolatzaileak buru-belarri dabiltza egunotan domekarako azken ukituak egiten . Gaur (barikua), esaterako, zirkuitua markatzen jardun dute goizean.  

Bide batez, herritarrak animatu nahi dituzte domekara begira: “Jendea animatu dadila ikustera, edo korrika egitera, eta goiz ederra elkarrekin pasatzera”.